Hiru asteko atsedenaldiaren ondotik, Nafarroako 4x4 sokatira txapelketak segida izan zuen apirilaren 22an, larunbat arratsaldean Txantrean. Hain zuzen, gizonezkoen 320 kiloko eta emakumezkoen 255 kiloko bigarren jardunaldia eta finalak jokatu zituzten.
Emakumezkoetan zazpi talde lehiatu ziren. Beti Gaztek eta Amaiur Ak elkarren arteko tiraldi bana eta gainerako guztiak irabazi zituzten eta finalean ere eskualdeko bi taldeak aritu ziren. Finalean lesakarrek irabazi zituzten bi tiraldiak. Podiumean hirugarren izan zen Txantrea.
Beti Gazteko laukote txapeldunean Ane Gurrutxaga, Maialen Lopez, Irantzu Goienetxe eta Maria Iantzi aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela. Hasierako tiraldietan Doneztebeko Irati Andueza ere aritu zen.
Gizonezkoetan, berriz, lehiarik estuena Beti Gazte eta Berriozarren artean izan zen. Jardunaldian elkarren arteko tiraldi bana eta gainerako guztiak irabazi zituzten eta hemen ere, finalean lesakarrek irabazi zituzten bi tiraldiak. Txantrea hirugarren izan zen, Amaiur laugarren eta Antsoain bosgarren. Beti Gazteko laukote txapeldunean, Karmelo Mitxelena, Iñigo Altzugarai, Beñat Ordoki eta Gerardo Telletxea aritu ziren, Beñardo Iantzi entrenatzaile zutela. Lehenbiziko tiraldietan Unai Leiza ere aritu zen.
Maiatzean gehiago
Datorren asteburu honetan atseden hartu eta Nafarroako launakako sokatira txapelketak maiatzean izanen du segida.
Maiatzaren 6an Berriozarren txapelketa mistoa (280 kilo) jardunaldi bakarrean erabakiko da. Amaiurrek eta Beti Gaztek bina laukote paratuko dituzte goma gainean, baita Berriozarrek ere eta Antsoain, Araxes eta Txantrea ere lehiatuko dira, bederatzi talde denera. Egun horretan, kadeteak (eskualdeko ordezkaririk gabe) eta 20 urtez beheitikoak (Amaiur izanen da eskualdeko ordezkari bakarra) ere lehiatuko dira.
Maiatzaren 13an Antsoainen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko lehen jardunaldiak eta kadete eta 20 urtez beheitiko bigarren jardunaldia jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisu arinean Amaiur, Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea ariko dira eta emakumezkoen pisu arinean, Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Araxes A eta B eta Txantrea.
Maiatzaren 20an Elizondon, azkenik, pisu arinetako bigarren jardunaldi eta kadete eta 20 urtez beheitiko hirugarren jardunaldi erabakigarriak jokatuko dituzte.