Urrezko Aizkolarien Banakako txapelketa Eusko Label Sariko bigarren jardunaldia jokatuko dute apirilaren 22an, larunbatean 18:00etan Zumaiako Odieta pilotalekuan. Hamahiru aizkolari ariko dira lehian, hurrengo kanporaketarako sailkatzeko hiru txartelen bila. Horietako bat izanen da Leitzako Julen Olano.Leitzarrarekin batera, Mikel Agirre (Ondarroa), Beñat Amade (Getxo), Jose Maria Benito (Segovia), Diego Benito (Segovia), Julen
Aranberri Elorriaga II.a (Zumarraga), Ibon Garaiburu (Berastegi), Julen Kañamares III.a (Arostegi), Daniel Lopez (Xixon), Vitin Suarez (Cercedilla), Ibai Telletxea (Baiona) eta Xabier Garcia Utxu (Lemoa) lehiatuko dira.
Emakumezkoen binakako harri-jasotze txapelketan Patricia Martin eta Lucia Picon bikotea ariko da 87,5 kiloko harri laukizuzenarekin, eta 63na kiloko zilindrikoa, kubikoa eta borobilarekin.
Hamar arroako hiru harri Urrezko harri-jasotze txapelketan, Claudio Bazda Iriondo ariko da 125na kiloko harri laukizuzen, kubiko eta borobilarekin.
Gazteak igande eguerdian Aian
Apirilaren 23an, igandean 12:00etan Aiako probalekuan izanen dira aizkolariak eta harri-jasotzaileak. 23 urtez beheitikoei zuzendutako gazte mailan zortzi aizkolari ariko dira lehian, tartean Oier Larretxea beratarra. Berekin batera, Jokin Urretabizkaia Basozabal (Donostia), Hodei Ezpeleta (Eibar), Patxi Igoa (Itxasu), Xuban Kañamares (Arostegi), Jokin Larrieta (Gasteiz), Miguel Martin (Segovia) eta Isidro Velasco (Zarate) ariko dira. Hemezortzi urtez beheitiko kategorian ere zazpi aizkolari ariko dira, eskualdekorik alerik ere ez.
Emakumeen binakako harri-jasotze txapelketan bi bikote ariko dira: Karmele Gisasola Zelai III.a eta Ainitze Zumeta batetik, eta Lur Errekondo eta Olaia Esnaola, bertzetik. Gizonezkoen harri-jasotze txapelketan Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a ariko da, hamarna arroako hiru harriekin.