Udaberriko erremonte profesionaleko txapelketa Iruritara ailegatuko da apirilaren 23an

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 21a, 17:00

Zeberio II.a eta Xanti Uterga, bi beteranoen arteko lehia ikusgarria izanen dute igande arratsaldean Iruritako Aranabian.

Igande arratsaldean Aranabia pilotalekuan aurrez aurre izanen dira Zeberio II.a eta Otano eta Uterga eta Barricart eta igande goizean Ororbian ariko dira Matxin III.a eta Agirrezabala, Jabalera eta Saldiasen kontra

Udaberriko erremonte profesionaleko CaixaBank Sari Nagusiko final laurdenetako ligaxkako jardunaldi bikoitza izanen dute apirilaren 23an. Igande arratsaldean eskualdeari kuku eginen dio txapelketak, Aranabian 17:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidan, txapelketakoan, Zeberio II.a eta Otano, Xanti Uterga doneztebarraren eta Barricart-en kontra ariko baitira.

Iruritako jaialdia hasteko, berriki profesionaletan hasiak diren herriko bi semeren arteko lehia ikusteko aukera izanen da. Xuban Iturregi eta Jon Sagaseta ariko dira aitzineko koadroetan, gibelean Ion eta Aimar Saldias oiztarra lagun dituztela, hurrenez hurren.

Txapelketako jaialdi guztietan bezala, hamar euroko sarrera ordaindu beharko da, ADANO elkartearen alde. 16 eta 22 urte bitartekoek bortz euro ordaindu beharko dituzte eta hamasei urtetik beheitikoek doan izanen dute sarrera. Erremontisten kamisetak zozketatuko dituzte ikusleen artean.

Igande goizean Ororbian

Iruritako jaialdiaren aitzinetik, igande goizean, 11:00etan hasiko den jaialdian, txapelketako bertze partida jokatuko dute Matxin III.ak eta Agirrezabalak, estreinakoa duten Aimar Jabalera doneztebarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra. Jaialdiko lehen partidan, Eloi Otxandorena doneztebarra eta Baztan, Oses eta Dabid Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira.

Matxin III.a izanen du arerio Aimar Jabalerak aitzineko koadroetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun