Erremontari Herriz Herri txapelketak erremontea hurbilduko du herrietara

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 21a, 10:30

Erremontari herriz herri txapelketan parte hartuko duten erremontistetako batzuk, tartean Aritz Juanenea, Aritz Zubiri eta Oier Apezetxea.

Bederatzi herritan jokatuko da eta finala ekainaren 27an izanen dute Zumarragan

Erremontari Herriz Herriko txapelketa aurkeztu zuten ortzegunean Miramongo EITBren egoitzan. Txapelketa berria da Erremontari saioaren bultzada jarraituz antolatu dena. Berritzailea da eta txapelketan Oriamendiko pilotari guztiak hartuko dute parte bi taldetan banatuta: A taldean Erremontari saioan ari diren pilotariak egonen dira eta B taldean Oriamendiko bertze erremontista guztiak.

Txapelketa Euskal Herriko bederatzi herrietan barrena jokatuko da. Lehenengo jardunaldia larunbat honetan hasiko da, 18:00etan, Aizarnazabalen.  Bidean, larunbatetan, Zestoak, Amezketak, Oriok, Beasainek, Altsasuk, Villabonak eta Hondarribiak jardunaldi bana hartuko dute. helmuga Zumarraga izanen da eta finala bertan jokatuko da ekainaren 27an. 

Bikoteak ez dira finkoak izanen, jardunaldi bakoitzean aldatzen joanen dira eta puntuaketa indibiduala izanen da.

Zortzi jardunaldiren ondoren, pilotari bakoitzaren emaitzak kontuan hartuta (eginiko tantoen eta huts egiteen kenketaren emaitza) media onena duten lau erremontistek jokatuko dute talde bakoitzeko finala (bi aurrelari eta bi atzelari talde bakoitzean)

Aurkezpenean izan ziren: Joseba Urkiola EITBko Kirol Zuzendaria; Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria; Mari Carmen Arregi Aizarnazabalgo Alkatea; Mikel Serrano Zumarragako Alkatea; Anuska Esnal Orioko Alkatea; Beatriz Unzue Villabonako alkatea; eta Juan Luis Silanes: Hondarribiko kirol zinegotzia.

Oriamenditik bertan izan ziren txapelketan parte hartuko duten hamar erremontista, tartean Aritz Zubiri eta Oier Apezetxea goizuetarrak eta Aritz Juanenea saldiastarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun