Urteak daramatza Oporrak Bakean egitasmoak, Saharaztanek dioen bezala, «haur horiei sufritzea tokatu zaien errealitatetik denboraldi batez atera eta gurean osasun, elikadura eta aisialdi eskaintza aberasteko» helburuarekin. «Errefuxiatuak dira, klima gogor bateko eskualdean bizirauten ari dira, laguntza humanitarioaren menpe daude oinarrizko beharrak asetzeko, gerra egoeran dauden beraien familietako helduak...», nabarmendu du Saharaztanek.
Hain zuzen, horri erantzuteko, haur horientzat harrera familiak bilatzen dituzte Oporrak Bakean egitasmoarekin, eta Baztan-Bidasoaldean Saharaztanek hartzen du ardura. Aurten ere halaxe ari dira. Horregatik egin dute parte hartzeko gonbita: «Eskualdeko herritarrak animatu nahi zaituztegu esperientzia honetan parte hartzera».
Zortzi-bederatzi urte inguruko neska-mutikoak etorriko direla argitu dute, «hemen, norbere etxean, egokitu eta egunerokoa eman beharko zaie. Elikadura emanez, osasun arreta bermatuz, gure hizkuntza eta bizimoduak erakutsiz...». Eta bueltan hartzen dena haundia dela gaineratu dute: «Trukean esperientzia aberasgarria utziko dute».
Hortaz, norbaitek udan Saharako haur errefuxiatuak hartu nahi baditu orain du aukera. Eskaera egiteko epea zabalik dago eta apirilaren 30erako apuntatu beharko da. Informazio gehiago nahi izanez gero edo harrera familia bihurtu nahi izanez gero, telefono hauen bidez Saharaztanekoekin harremanetan jarri beharko da:
- Baztanen: 659 55 30 14
- Malerrekan eta Bertizaranan: 635 59 93 06
- Bortzirietan: 646 43 14 35