Erremonteko Sagardoaren Txapelketarik berritzaileena aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 14a, 16:00
Sagardoaren txapelketaren aurkezpenean izan ziren bikote guztietako ordezkariak, tartean Aritz Juanenea saldiastarra.

Sei bikoteen artean Josetxo Ezkurra doneztebarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak osatuko dute bat eta Aritz Juanenea saldiastarra Segurolarekin ariko da

Lehenengo aldiz erremontearen historian partidak set edo joko formatuan jokatuko dira eta bi joko irabazi behar dira partida irabazteko. Aurten sei bikotek eta sagardotegik hartuko dute parte: Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar), Urriza-Martirena (Alorrenea), Aldabe-Azpiroz (Petritegi), Ezkurra II.a-Zubiri (Gurutzeta X Txuleta), Segurola-Juanenea (Bereziartua) eta Ansa II.a-Zaldua (Aburuza).

XIII. Sagardoaren Txapelketa aurkeztu zuten ortzegunean Orona Fundazioan, modu berezian Erremontari pertsonaiak (ordenagailuz sortutakoa) aurkeztuta, eta aurten azken bi urteetan izan duen arrakasta ikusita, ildo beretik jarraituko du txapelketak. ETB1eko Erremontari saioaren barrenean jokatuko da, aurten ere, txapelketa astelehenero, apirilaren 17an hasi eta ekainaren 12an bukatuta finalarekin.

Hirugarren urtez segidan tradizioa eta modernitatea uztartuko dira Galarreta frontoian eta aurten ere harmailetan giro bikaina espero da ikusleen erantzun onarekin. Tradizioa kirola bera da, xextoak, pilotak, frontoia berak irudikatzen dute eta modernitatea saioan zehar eskainiko diren irudiak kamera berezien bitartez eta saio baten barruan jokatzeak berak. Harmailetan ikusleek kolorea emango diote txapelketari eta noski, giroa ere bai.

Aurten gainera berrikuntza garrantzitsu batekin dator txapelketa. Lehenengo aldiz erremontean, partiduak set edo joko formatuan jokatuko dira. 15 tantoko bi jokoek osatuko dute partidua hasiera batean, baina bikote bakoitzak set bana irabaziz gero, hirugarren set bat jokatuko da bortz tantora, partiduaren bikote irabazlea zein den zehazteko.

Saioan, Sagardoaren txapelketa guztia emateaz gain elkarrizketak eta erremontearen ikuspuntu berriak ezagutuko dira, teknologia berriak erantsiz. Apirilaren 17tik aurrera, astelehenero gauetan ETB1en eskainiko da eta bi orduko iraupena izanen du prime time-an, 22:30etan. Partidak Galarretan, 18:30ean hasiko dira.


Sei bikote, zazpi jardunaldi, finalerdia eta finala  

Sagardoaren Txapelketan sei bikotek hartuko dute parte eta sei sagardotegi ordezkatuko dituzte. Ondorengoak dira bikoteak eta ordezkatzen dituzten sagardotegiak: Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar), Urriza-Martirena (Alorrenea), Aldabe-Azpiroz (Petritegi), Doneztebeko Josetxo Ezkurra II.a eta Aritz Zubiri goizuetarra (Gurutzeta X Txuleta), Segurola-Aritz Juanenea saldiastarra (Bereziartua) eta Ansa II.a-Zaldua (Aburuza).

Set formatuan jokatuko denez, lehenengo setean txapak erabakiko du lehenbiziko sakatzailea. Bigarrengo setean, lehenengo seteko bikote galtzailea hasiko da sakatzen eta hirugarrengoan ordura arte tanto gehien egin duenak sakatuko du.

Txapelketaren formatuan, denek denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan eta lehenengo lau sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira, eta bi bikote kanporatuak izanen dira

Lehenengo bi jokoak irabazita (2-0) lau puntu batuko ditu bikoteak; 2-1 irabazten duenak hiru puntu izanen ditu; 1-2 galtzen duenak puntua eskuratuko du; 0-2 galduz gero punturik ez da lortuko; eta lehen bi seten batuketan 16 tantora ailegatzen ez denak puntu negatiboa izanen du.

Finalerdiak ekainaren 5ean jokatuko dituzte; lehenengo sailkatua laugarrenaren kontra ariko da eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Garaileak ekainaren 12an finalean elkartuko dira txapela erabakitzeko. Ez da atzerapenik izanen inongo fasetan.

Astelehenero bi partida jokatuko dira eta lehenengo jardunaldia, apirilaren 17an izanen da. Bigarrena apirilaren 24an jokatuko da; hirugarrena maiatzaren 1ean; laugarrena maiatzaren 8an; bosgarrena, maiatzaren 15ean; seigarrena, maiatzaren 22an, eta zazpigarrena maiatzaren 29an.

Urriza-Zubiri (Larre Gain) izan ziren pasa den urteko garaileak finalean Ansa II-Juanenea (Setien) 30-28 garaitu eta gero. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun