Udaberriko erremonte profesionaleko txapelketa larunbatean abiatuko da Zubirin

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 13a, 10:00

Udaberriko erremonte txapelketaren aurkezpena egin zuten asteazkenean Berriozarren. Bertan ez zen eskualdeko erremontistarik izan, baina txapelketan lauk hartuko dute parte: Uterga, Jabalera, Saldias eta Otxandorena.

Bortz bikote ariko dira lehian Euskal Jai erremonte Fundazioak antolatutako txapelketan, tartean Malerrekako lau erremontista

Udaberriko erremonte profesionaleko txapelketaren aurkezpena egin zuten apirilaren 12an, asteazkenean Berriozarko Traperos de Emausko egoitzan. Txapelketa honetan bortz bikotek parte hartuko dute eta lehenbiziko jardunaldia apirilaren 15ean, larunbatean 19:00etan hasita jokatuko dituzte Zubirin.

Txapelketa honetan bortz bikote ariko dira: Zeberio II.a eta Otano, Matxin III.a eta Agirrezabala, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Aimar Jabalera doneztebarra eta Aimar Saldias oiztarra eta Eloy Otxandorena doneztebarra eta Ion. Final laurdenetako ligaxkan denek denek kontra jokatuko dute. Ligaxkako lau onenek finalerdiak jokatuko dituzte ekainaren 17an Lizarran eta finala ekainaren 24an jokatuko dute Berriozarren.

Eskualdean ere ligaxkako jardunaldi bat ikusteko aukera izanen da, apirilaren 22an Iruritako Aranabian.

Apirilaren 15ean, larunbatean 19:00etan Zubirin jokatuko den lehen jardunaldian ez da eskualdeko erremontistarik izanen. Zeberio II.a eta Otano, Matxin III.a eta Agirrezabalaren kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun