Final handia eta final ttikia izanen ditu Baztan-Errekako laxoa txapelketaren 43. edizioak

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 11a, 17:00

2018an jokatu zuten azken aldiz finala Oizko plazan. Aurten final handia eta final ttikia ere bertan jokatuko dituzte.

Bederatzi talde lehiatuko dira, final handia eta hirugarren posturako lehia abuztuaren 5ean jokatuko dituzte Oizko plazan eta final ttikia uztailaren 29an leku berean

Laxoa Elkarteak antolatutako Baztan-Errekako Laxoa Txapelketako 43. edizioa asteburu honetan hasiko da. Denera bederatzi talde ariko dira eta berrikuntza nagusia, aurten final handia eta final ttikia jokatuko dituztela. Biak Oizen izanen dira.

Bederatzi talde horietatik lau Doneztebekoak dira, bi Iruritakoak, bi Arraiozkoak eta Oizko bat. Denak multzo bakarrean ariko dira, denak denen kontra. Ligaxkako bi lehenbiziko sailkatuak zuzenean final handiko finalerdietarako sailkatuko dira. Hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatzen diren laukoteek final laurdenak jokatuko dituzte. Irabazleek final handiko finalerdiak jokatuko dituzte, bi lehenbiziko sailkatuen kontra eta galtzaileek final ttikirako finalerdiak jokatuko dituzte, zazpigarren eta zortzigarren sailkatuen kontra. Beraz, ligaxkako bederatzigarren sailkatua bakarrik geldituko da txapelketatik kanpo. Uztailaren 29an jokatuko da final ttikia eta abuztuaren 5ean final handia eta hirugarren posturako lehia, hiru partidak Oizen.

Taldeei dagokienez, Arraioz Sagardia (Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Jon Gamio eta Miguel Maritorena), Arraioz Zubiondoa (Aitor Zubigarai, Josu Etxandi, Urki Etxandi eta Oskitz Karrikaburu), Doneztebe Apeztegia (Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Iban Santesteban eta Joseba Juanena), Doneztebe Avia (Josu Juanena, Asier Mutuberria, Jokin Apezetxea eta Julen Etxebeste), Doneztebe The Moment (Julen San Miguel, Javier Bertiz, Paskual Bertiz eta Koldo Legarra), Doneztebe Titi (David Mitxeo, Eloy Garcia, Erik Garcia eta Imanol de Rueda), Irurita Arkupe (Arturo Iturralde, Beñat Mariezkurrena, Hegoi Iturregi eta Aritz Bikondo, Irurita Migelene (Xabi Barberena, Gorka Urtasun, Oinatz Jauntsarats eta Mikel Sagaseta) eta Oiz (Ioritz Zelaieta, Aimar Saldias, Laurendi Zelaieta eta Zorion Zelaieta) ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun