Arantxa Ochandorena

«Egun berezi honetan, jantziak norberaren neurrira»

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 6a, 08:00

Ama josten ikusten hazi zen Arantxa Ochandorena moda diseinatzailea; «ttikitatik ezagutu dut josteko makinaren soinua, eta hari, aiztur eta oihalen artean hezi nintzen. Gozamena zen, gustatzen zitzaigun guztia egiten baitzigun».

Ogibidea ikasi zuen alaba bakarra izan zen Ochandorena; «etxean hasi nintzen, eta beranduago, aukera izan nuenean, profesional onenekin trebatu nintzen Iruñean eta Donostian».

Esperientzia denon eskura

25 urteko esperientzia dauka modaren munduan, eta ikasitakoa partekatzeko prest dago, «emakume guztiek dutelako koketeria puntu hori eta denok gustuko dugulako emakume sentitzea, eta zergatik ez,  paregabeak».

Horregatik, bere esperientzia eta ezagutza guztiak «janztearen artean eskura» paratzen ditu. Bezeroak lagundu eta aholkatzen ditu edozein ekitalditarako; «ezkongaien soineko eta trajeak, amabitxiak, bestako jantziak… egun berezi horretan arropak bakarrak eta bereziak izan daitezen, pertsona bakoitzaren gustu eta neurrira eginak». Izan ere, «aparteko ekitaldia izanen da, eta protagonistek erdigunean behar dute».

Zure jantzi perfektua

Arropen diseinua «sormen handiko lana» da, eta «ezkongaiak pausoz pauso sortzen dute haien jantzia, askatasun osoz eta prozesuko urrats guztietan probak eginez. Xehetasun guztiak kontuan hartzen ditugu eta iritziak partekatzen ditugu, emaitzak bezeroa guztiz asebetetzeko».

Azaldu duenez, «neurrira egindako jantzien prozesua ez da arropa denda batera joan eta dagoeneko eginda dagoen jantzi bat erostearen modukoak, baina emaitza ere nekez izanen da berdina. Eskuz egindako jantzietan neurri guztiak zehatz-mehatz hartuak dira bezeroaren gorputzera egokitzeko. Berdin dio zure gorpuzkerak eta proportzioek, zuretzako bereziki egindako jantzia izanen baita».

Belaunaldi berriei erakusten

Egiten duena maite du Ochandorenak; «zoriontsu naiz nire ogibidean, baina ezin ukatu ahanzturan galtzen ari dela, belaunaldi berriek beztitzeko eta erosteko bertze modu bat daukatelako». Horregatik, joskintza klaseak ematen dizkie «nik bezala josten disfrutatzen duten pertsonei. Jantziei ukitu pertsonala ematen, konponketak egiten eta arropak hobe izateko moldaketak egiten ikasten dute. Joskintza gustuko baduzu, ez dago aitzakiarik, adin guztiak onak baitira ikasten hasteko».

Ikastaroak partikularrentzako, familientzako, 10 urtetik goitiko neska-mutilentzako eta lagun taldeentzako ematen ditu, eta jantziak ez ezik, etxerako gortinak, oihalak, kuxinak, mandarrak, edredoien zorroak eta bertzelakoak sortzen ikasteko aukera ematen du.

Zure jantzi propioak

Joskintza tailerrez gain, patroiak egiteko ikastaroak ere eskaintzen ditu Ochandorenak, «emakume, gizon, haur eta denentzat, norberak bere jantziak egiten ikas dezan. Arras erraza da, aski dira bi neurri eta formula magikoa… eta 10 minututan zure patroia lortuko duzu».

Ikastaroak «arras politak» dira; «talde ttikietan elkartzen gara, giro atsegin eta ezin hobean aritzeko. Aukera ederra da ikasten duzun bitartean erlaxatzeko».

Horregatik, tailer hau opari aukera ederra da, «zure lagun eta familiako kideei edo zeure buruari oparitzeko. Astean behin bakarrik elkartuta, josten eta mozten ikastea gogobetegarria da eta… nork daki? Etorkizunean, beharbada, hau zure ogibidea ere bihur daiteke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun