Nafarroako bertsolaritza ikertzeko deialdia paratu du martxan Bertsozale Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 6a, 12:00

Bortzirietako Bertso Eskolako kideak bertso egunean kantari.

Nafarroako bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoan sakontzeko asmoz, ikerketarako beka sortu du Bertsozale Elkarteak. 4.000 euroko dirulaguntza esleituko zaio ikerlari hautatuari eta urtebeteko epea izanen du proiektua garatzeko. 

Edozein jakintza esparru oinarri hartuta ikertu ahalko da Nafarroako bertsolaritza. Gradu amaierako lanak, master amaierako lanak zein bertzelako ikerketa proiektu monografikoak aurkeztu daitezke deialdira, beti ere unibertsitate irakasle doktore batek bermatuta. 

Ekainaren 18a baino lehen aurkeztu beharko dira proiektuak, eskaera orria beteta bidalita, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ikerketa aditu diren hainbat lagunek osatutako batzordeak ekainaren 26a baino lehen jakinaraziko du proiektu hautatua. Hortik aitzinera, urtebeteko epea izango du ikerlariak, proiektua gauzatu eta ikerketa lana aurkezteko. Horretarako, 4.000 euroko dirulaguntza hartuko du. 

Deialdiaren bidez, Nafarroako bertsolaritzari buruzko ikerketan eragiteaz gain, ikertzaile gazteak edo hasiberriak lehen urratsak ematen lagundu nahi ditu Bertsozale Elkarteak. 

Deialdiaren xehetasun gehiago hemen aurkitu daitezke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun