Hego Euskal Herriko immigrazioa izanen du aztergai Saretzen proiektuaren bigarren atalak. 2002tik 2022ra atzerritik etorritako lagunen jatorria, urte horietan izandako hazkundea eta helmuga aztertu dituzte EITBk eta TOKIKOMek elkarlanean, baita atzerritar jatorriko lagunek gure ekonomian duten eragina ere.
Nafarroako Estatistika Institutuak (na)stat, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako datuak erabili dira lan hau egiteko. TTIPI-TTAPA / ERRAN.EUSek Nafarroaren ipar-mendebaldeko herrietako datuekin, grafiko interaktiboak osatu ditu, eta bihar argitaratuko ditu horiek, datuen irakurketekin eta Xabier Aierdi Urraza soziologoaren elkarrizketarekin batera.
Datu kazetaritza, elkarrekin eta elkarlanean
EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak 2022an jarri zuten abian Saretzen proiektua, elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko.
Lehen argitalpenean, 2001-2021 bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landu zituzten EITBko eta TOKIKOMeko hedabideek, nork bere esparrura, ezaugarrietara eta eremura egokituta.