Santurtzikoak bideratzaile lan perfektua egin du britainiarrarentzat Bastidan, eta INEOS taldeko esprinterrak azken 150 metroetan bultza beste lanik ez du izan garaipena lortzeko; Daniel Felipe Martinez eta Vingegaard gainsarien borrokan murgildu dira
Lanak bukatzea, errematatzea ezinbestekoa da, baina tamainako langile edo bideratzaileak izanda, beti da errazagoa besoak helmugan garaile jasotzea. Omar Frailek Ethan Hayter taldekideari Bastidako helmugan atzoko lehen etapan egin zion lana ordainezina da, Santurtzikoak lan perfektua egin baitzuen britainiarrarentzat. 'Ethan hor daukak, irabazi ezak', esan zion ia-ia bizkaitarrak, helmugarako 600 metroren faltan bizikleta helduleku azpitik hartu eta gorantz egiten zuen kilometro erdia txistu batean igo ostean. Helmugatik 100 metrora eman zion bide Hayter-i, eta Londresko ilehoriak aise menderatu zituen aurkari guztiak. Mauro Schmidt izan zen bigarren, Jon Aberasturi gasteiztarra hirugarren, eta Alex Aranburu ezkiotarra laugarren.
Araban, eta batez ere Arabar Errioxan barrena ibili zen etapak ez zuen zer kontatu handirik eduki, bestelakoan. Etorkizunik batere ez zeukan hiru laguneko ihesaldia, eta Guardiako tarteko helmugako gainsariak lortzeko borroka. Caja Rural-eko Jon Barrenetxea, Euskaltel-Euskadiko Txomin Juaristi eta Arkeako Cristian Rodriguez izan ziren eguneko abentura zaleak. Bi minutu eta erdiko errenta lortu zuten gehienez, baina tropelak aise irentsi zituen helmugatik 40 kilometrora. 25era zegoen Guardiako tarteko helmuga, eta bertan Itzulia irabazteko hautagai bi mokoka aritu ziren. Daniel Felipe Martinez iazko garaileak poltsikoratu zituen hiru segundo, bi Jonas Vingegaard Itzulia irabazteko faborito nagusiak eta bat Marc Soler kataluniarrak.
Azken 10 kilometroak ikusgarriak izan ziren, ondo kokatzea funtsezkoa baitzen etapa irabazi nahi zutenentzat. Bastidara bidean tropelak kontrako haizea zuen du, eta horrek egin beharreko ahalegina ondo neurtzera behartu zituen hautagaiak. Hayter-ek une aproposa iritsi arte itxaron du Fraileren gurpilean, eta eroso nagusitu azken ahaleginean. Maillot horiarekin abiatuko da gaur etapa garailea.
Gaur Viana eta Leitza artekoa
Gaurko bigarren etapak Viana eta Leitza lotuko ditu, Nafarroako hego mendebala, ipar mendebaldearekin eta ttipi-ttapak hartzen duen eremuan ibiliko da zati handi batean, Malerrekan eta Leitzaldean. 200 kilometro luze bi herrien artean eta hainbat mendate. Bigarren mailako Etxauri, Saldias eta Basakabi, eta hirugarren mailako Uitzi eta Basakabi, lehen igoeran Leitzatik. Ihesaldi onak osatzeko etapa aproposa, Saldiasko malkarra izan bide da etapako epaile. 2.3 kilometro dira, %9.2ko banaz bertzeko maldarekin. Tropela txikitu egingo da hor, eta Doneztebera bidean zaila izanen da tropel handia osatzea. Leitzara bidean, Basakabi etzana baina luzea da. Gainetik bost kilometro eskas baino ez daude Leitzaraino.