Nafarroako Herri Kirol Jokoen azken jardunaldia eta finalak apirilaren 2an, igandean jokatu zituzten Sunbillako pilotalekuan. Hasieran Igantzira joatekoak baldin baziren ere, eguraldi euritsua zela eta Sunbillan bildu ziren kirolari gazteak.
Alebin mailako proba konbinatuan ez zen eskualdeko talderik sartu finalean. Andra Mari 5 taldea nagusitu zen (06.36). Bigarren posturako lehia estua izan zuten Andra Mari 4 eta Araxes taldeek eta 46 zentesimagatik bizkorrago ibili ziren Sakanakoa (6.43.20) Araxeskoa baino (6.43.68). Antsoain A laugarren izan zen (07.14).
Infantil mailako proba konbinatuan, berriz, bederatzi taldetatik Araxes, Berriozar, Andra Mari 3 eta Igantzi sailkatu ziren finalera eta Araxes izan zen txapeldun (08.40), Andra Mari 3 bigarren (08.47), Igantzi hirugarren (09.35) eta Berriozar laugarren (09.44).
Kadete mailako proba konbinatuan, berriz, aitzineko lau jardunaldietan erabakia zen txapelketa eta Igantzi suertatu da txapeldun, lau jardunaldietan nagusitu ondotik. Ondotik sailkatu dira Araxes, Antsoain, Antsoberri eta Andra Mari. Igandean hartu zuten txapela igantziarrek, beta kategoria honetan egun bakarreko lehiaketa ere izan zuten.
Sokatiran ere aritu ziren infantil eta kadete mailako taldeak, kasu honetan, eskualdeko ordezkaritzarik gabe. Infantil mailako sokatira txapelketan Etxarri Aranatzeko Hotsein taldea suertatu zen txapeldun, Berriozar bigarren, Araxes hirugarren, Antsoain A laugarren, Antsoain B bosgarren eta Andra Mari seigarren.
Kadete mailan, aldiz, lau jardunalditan erabakia zen sokatirako txapela ere eta hemen ere Etxarri Aranatzeko Hotsein taldea suertatu da txapeldun, Antsoain, Iñigo Aritza, Antsoberri eta Araxesen aitzinetik.