Nafarroako launakako sokatira txapelketan ere ongi hasi da Beti Gazte

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 3a, 18:00
Beti Gazte eta Amaiurko laukoteetak baten arteko tiraldia larunbatean Lesakan. Argazkia: Pako Santxez

Larunbatean Lesakan jokatutako gizonezkoen eta emakumezkoen lehen jardunaldian nagusitu zen etxeko taldea

Nafarroako goma gaineko 4x4 sokatira txapelketa abiatu zen apirilaren 1ean Lesakan. Larunbatean, gizonezkoen 320 kiloko eta emakumezkoen 255 kiloko laukoteen lehen jardunaldia jokatu zuten Lesakako udal pilotalekuan eta bietan etxeko taldea, Beti Gazte nagusitu zen.

Emakumezkoetan zazpi talde lehiatu ziren eta Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen. Bigarren posturako lehia estua izan zuten Amaiur A eta Txantrea taldeek. Elkarren arteko tiraldi bana irabazi zuten, Beti Gazteren kontra galdu eta gainerako guztiak irabazi. Ondotik sailkatu zen Berriozar, Antsoainek eta Araxesek berdindu egin zuten bosgarren postuan eta Amaiur B gelditu zen tiraldirik irabazi gabe.

Beti Gazteko emakumeen laukoteak tiraldi guziak irabazi zituen Lesakan. Argazkia: Pako Santxez

Amaiurko emakumeen laukoteetako bat, larunbatean Lesakan tiratzen.

Gizonezkoetan ere Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen, bigarren Berriozar izan zen, hirugarren Amaiur, laugarren Txantrea eta bosgarren Antsoain.

Beti Gazteko gizonezkoen laukoteak ere tiraldi guztiak irabazi zituen. Argazkia: Pako Santxez

 

Aste Santuko atsedenaldiaren ondotik, apirilaren 22an Txantrean kategoria hauetako bigarren jardunaldia eta finalak izanen dituzte eta bertan banatuko dira launakako sokatira txapelketako lehen txapelak.

Maiatzaren 6an Berriozarren txapelketa mistoa (280 kilo) jardunaldi bakarrean erabakiko da. Amaiurrek eta Beti Gaztek bina laukote paratuko dituzte goma gainean, baita Berriozarrek eta Antsoain, Araxes eta Txantrea ere lehiatuko dira, bederatzi talde denera. Egun horretan, kadeteak (eskualdeko ordezkaririk gabe) eta 20 urtez beheitikoak (Amaiur izanen da eskualdeko ordezkari bakarra) ere lehiatuko dira.

Maiatzaren 13an Antsoainen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko lehen jardunaldiak eta kadete eta 20 urtez beheitiko bigarren jardunaldia jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisu arinean Amaiur, Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea ariko dira eta emakumezkoen pisu arinean, Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Araxes A eta B eta Txantrea.

Maiatzaren 20an Elizondon, azkenik, pisu arinetako bigarren jardunaldi eta kadete eta 20 urtez beheitiko hirugarren jardunaldi erabakigarriak jokatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun