Uterga eta Agirrezabala nagusitu dira Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 3a, 11:00
Saldias eta Matxin III.a txapeldunordeak eta Agirrezabala eta Uterga txapeldunak, antolatzaile eta laguntzaileekin sari banaketaren ondotik.

Final estuan 35-33 irabazi zieten Matxin III.a eta Saldiasi

Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak irabazi dute Iruñeko Alde Zaharreko erremonte profesionaleko bederatzigarren txapelketa, joan den ortziralean Labriten jokatutako final estuan Matxin III.ari eta Aimar Saldias oiztarrari 35-33 irabazita.

Azken markagailuak erakusten duen bezala, final parekatua eta lehiatua izan zen eta horren erakusgarri, hamar aldiz berdindu zutela. Azken berdinketa 32-32koa izan zen, baina azken aldera, gorriek gehiago asmatu zuten.

Xanti Uterga pilota astintzen, Matxin III.a begira duela.

Saldias pilota astintzen, Matxin III.a lurrean eta Uterga eta Agirrezabala erne.

Gisa honetara, urtebete eskasean hirugarren txapela jantzi dute Utergak eta Agirrezabalak, 2022ko Nafarroako XVI txapelketa eta Azpeitiko erremonte profesionaleko txapelketa irabazi baitzituzten. Xanti Uterga doneztebarrak jokatu dituen azken sei finaletatik bortz irabazi ditu. Hain zuzen, joan den urteko Iruñeko Alde Zaharreko txapelketaren finala galdu zuen Garcesekin bikote eginez.

Agirrezabala eta Uterga txapeldun.

Ortziraleko jaialdia hasteko omenaldia eskaini zitzaion Beñat Rodriguez, e-Remonte enpresako erremontista ohiari. Jaialdian parte hartu zuten zortzi erremontistek erremonteekin egindako arkuaren azpitik sartu zen kantxara. Jaialdiko lehen partidan, Jon Sagaseta iruritarrak eta Ionek 35-33 irabazi zieten Aimar Jabalera eta Markel Leatxe doneztebarrei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun