Udal eta kontzejuetako hauteskundeetako zerrendak apirilaren 19tik 24ra aurkeztu beharko dira

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 2a, 09:00

Maiatzaren 28ko hauteskundeen deialdia apirilaren 4an argitaratuko dute buletinean, baina dagoeneko egutegiaren nondik norakoak jakinarazi ditu Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak. Ikusi hemen segidan hauteskunde prozesuaren egutegia.

Poliki-poliki jakinarazten ari dira hauteskundeetako hautagaiak eta zerrendak eta horien berri izan ahala, ERRAN.EUSen horretarako espresuki prestatutako atal berezian argitaratzen ari da TTIPI-TTAPA. Norbaitek bere hautagaitzaren berri eman nahi badu info@ttipi.eus helbidera edo Whatsappez 744 48 43 61 telefonora idazten ahal du.

Egutegia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak xehetasun guziekin egutegia argitaratu du. Horren arabera, hautagaitzak apirilaren 19tik 24ra aurkeztu beharko dira. Bi egun beranduago, apirilaren 26an, aurkeztutako hautagaitzak argitaratuko dituzte; maiatzaren 1ean hautagaiak aldarrikatuko dituzte eta 2an aldarrikatutako hautagaitzak argitaratuko dituzte. Maiatzaren 3an eta 4an hautagaitzen aldarrikapena errekurritzeko aukera izanen da.

Bestalde, hauteskunde mahaien zozketak apirilaren 29tik maiatzaren 3ra egin beharko dira. Udal bakoitzak erabakiko du eguna. Zozketa egiten den egunetik hasita, hiru eguneko epea izanen dute jakinarazteko. Gisa berean, norbaitek mahaiko kide ezin badu izan, jakinarazten diotenetik zazpi eguneko epea izanen du arrazoia alegatzeko. Eta Hauteskunde Batzordeak bortz egun izanen ditu alegazioak ebazteko.

Gainerakoan, posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna maiatzaren 18a izanen da eta maiatzaren 24a posta bidezko botoa igortzeko azken eguna.

Hauteskunde kanpaina maiatzaren 12tik 26ra izanen da. Maiatzaren 27a, berriz, hausnarketa eguna eta maiatzaren 28a hauteskunde eguna. Egun horretan, hauteskunde mahaiak 08:00etatik 08:30era osatu beharko dituzte eta hautetsontziak 09:00etatik 20:00etara irekiko dituzte.

Hauteskundeak pasatuta, udalbatzak ekainaren 17an osatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun