Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea Iruñeko eta Baztan-Bidasoko toki-erakundeen eta Gobernuaren arteko Elkarrizketaren III. Konferentziaren bilera berri batean bildu da gaur eguerdian, eta N-121-A errepidearen eraldaketa, TAPen garapen berria eta bizikletan ibiltzeko bide berriak nabarmendu ditu legegintzaldian Iruñerrian eta Baztan-Bidasoan burututako mugarri nagusi gisa. Bileran, inguru horietako azpiegitura berrien «bultzada eraldatzailea» aipatu du.
Batzarrean, Maria Txibitek adierazi du azpiegiturei dagokienez «legealdi honetako protagonista nagusia» N-121-A 2+1 bide bihurtzea izan dela, «segurtasun eta funtzionaltasun handiagoa emateko». Ildo horretatik, lehen eta bigarren zatietako obrak bukatu direla adierazi du, laugarrena obretan dagoela eta hirugarrena lizitatu dela.
Hezkuntza azpiegiturei dagokienez, Hezkuntza Departamentuak Oronoz-Mugairiko LHko ikastetxe berria eraikitzeko proiektuaren idazketa esleitu duela gogoratu du presidenteak. Proiektu horrek 22 milioi inguruko aurrekontua izanen du eta 600 ikaslerentzako gaitasuna izanen du eta enplegurako 6.000 prestakuntza-ordu eskaintzeko aukera emanen du, 15 profesionaltasun-ziurtagiriren parekoak.
Presidenteak legegintzaldi honetan ezarri den toki finantzaketarako eredu berria nabarmendu du, udal finantzaketa handitzea ahalbidetu duena. Zehazki, Baztanen % 43a handitu omen da eta Beran % 62a.