Nafarroako 4x4 sokatira txapelketa apirilaren 1ean abiatuko da Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 30a, 11:00

Nafarroako launakako sokatira txapelketa Lesakan abiatuko da larunbatean eta Amaiur eta Beti Gazte izanen dira eskualdeko ordezkari. Argazkia: Lur Gil

Amaiur eta Beti Gazte izanen dira eskualdeko ordezkari bakarrak eta azken jardunaldia Elizondon izanen da maiatzaren 20an

Munduko sokatira txapelketaren foku argitsuak itzalita, Nafarroako goma gaineko 4x4 sokatira txapelketa abiatuko da orain. Amaiur eta Lesakako Beti Gazte izanen dira hemen ere eskualdeko ordezkariak. Apirilaren 1ean, larunbatean 17:00etan Lesakako udal pilotalekuan, gizonezkoen 320 kiloko eta emakumezkoen 255 kiloko laukoteen lehen jardunaldia jokatuko dute.

Gizonezkoetan, Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Antsoain, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira eta emakumezkoetan, Amaiur A eta B, Beti Gazte, Antsoain, Araxes, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira.

Apirilaren 22an Txantrean kategoria hauetako bigarren jardunaldia eta finalak izanen dituzte.

Maiatzaren 6an Berriozarren txapelketa mistoa (280 kilo) jardunaldi bakarrean erabakiko da. Amaiurrek eta Beti Gaztek bina laukote paratuko dituzte goma gainean, baita Berriozarrek eta Antsoain, Araxes eta Txantrea ere lehiatuko dira, bederatzi talde denera. Egun horretan, kadeteak (eskualdeko ordezkaririk gabe) eta 20 urtez beheitikoak (Amaiur izanen da eskualdeko ordezkari bakarra) ere lehiatuko dira.

Maiatzaren 13an Antsoainen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko lehen jardunaldiak eta kadete eta 20 urtez beheitiko bigarren jardunaldia jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisu arinean Amaiur, Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea ariko dira eta emakumezkoen pisu arinean, Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Araxes A eta B eta Txantrea.

Maiatzaren 20an Elizondon, azkenik, pisu arinetako bigarren jardunaldi eta kadete eta 20 urtez beheitiko hirugarren jardunaldi erabakigarriak jokatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun