‘Ongi etorri! Hemen euskaraz bizi gara’ argitalpena prestatu dute Baztan, Bortziriak eta Malerrekako Euskara Zerbitzuek turistendako

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 24a, 17:00
'Ongi etorri! Hemen euskaraz bizi gara' argitalpenaren azala.
  • Uraren Bailarak eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoaren laguntza hartu dute argitalpena turisten artean banatzeko.
  • Bi formatutan eskuratzen ahal da: paperean eta PDFan, sakelakoetan erraz erabiltzeko moduan.

Ongi etorri! Hemen euskaraz bizi gara argitalpena prestatu dute Baztan, Bortziriak eta Malerrekako Euskara Zerbitzuek turistendako. Bi formatutan eskuratzen ahal da: paperean eta PDFan, sakelakoetan erraz erabiltzeko moduan. Aste Santu aitzinetik zabalduko da hiru eskualdeetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenen bitartez, baita euskara zerbitzu eta udalen bitartez ere. Euskara zerbitzuen Uraren Bailarak eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoaren laguntza izan dute argitalpena turisten artean banatzeko.

Argitalpenak Baztan, Bortziriak eta Malerrekako hizkuntza errealitatearen berri ematen duen azalpen labur bat dakar euskaraz, gazteleraz, frantsesez, katalanez eta ingelesez. Azalpenean azpimarratzen da eskualde hauetan euskara hizkuntza bizia dela. Era berean, bisitariei ahal duten neurrian euskara erabiltzeko gonbita egiten zaie. Horretarako oinarrizko hiztegi bat erantsi da, gaztelera, frantsesa, katalana eta ingelesera itzulia. Horrekin batera QR kode bat agertzen da, eta lotura horrek euskarako hiztegia hizkuntza gehiagotara itzultzeko aukera ematen du (eta alderantziz).

Euskara zerbitzuez gainera, turismo arloko eragileek gisa honetako argitalpenaren beharra ikusi dute. Izan ere, eskualde hauetako promozio turistikoa lantzen denean, bertako paisaia, baliabideak, kultura, ohiturak eta tokiak kontuan hartzen dira, baina ez da berdin jokatzen hizkuntzarekin; eta euskara ere bada Baztan, Malerreka eta Bortzirien marka. Hortaz, gabezia horri aurre egin nahian prestatu dute argitalpen hau.

Aste Santurako hiru eskualdeetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenetan egonen da. Edozein kasutan, turismo arloko edozein eragilek argitalpenaren ale batzuk eskuratu nahiko balitu, nahikoa luke hiru eskualdeetako edozein euskara zerbitzurekin harremanetan jartzea. Uraren Bailarak eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak ere banaketarekin lagunduko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun