Baztan eta Bertiz Abentura Parkeek bihar irekiko dituzte denboraldi berriko ateak

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 24a, 12:00

Enpresa Baztango Udalarekin biltzen hasi da berriz ere, Beartzungo parkearen haunditze proiektu egitasmoa aitzinera eramateko helburuarekin

Bihar, martxoaren 25ean, denboraldi berria irekiko dute Bertiz Abentura Parkean, Bertizaranan. 60 jolas baino gehiago izanen dituzte eskuragarri, hainbat zirkuitu eta tirolinetan banatuak, eta parkea zabalik egonen da 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era. Aldez aurretik erreserbatzea beharrezkoa izanen da.

Honez gain, Elizondoko Beartzun auzoko parkea ere irekiko dute bihar. Lau urtetik goitiko herritar guziendako eskaintza izanen da bertan; tirolinak, pendulua, ferrata bidea, akuapark naturala… haur eta helduei egokituak. Bi parke hauetan, BKZ Nafarroak eskaintzen dituen bertze jarduerekin batera (piraguismoa, raftinga, paint ball), urtean 50.000 bisitarik baino gehiagok parte hartzen dute jardueretan.

Zabaltze eta modernizazio proiektua

2021ean Baztan Abentura Parkea haunditzeko aurreproiektua aurkeztu zion BKZk Baztango Udalari, «kudeaketa ereduaren aldaketa nabarmena suposatuko duena, izaera erabat berezia izanen duen abentura parke bat ezartzera bideratua». Hala ere, «urte hauetan proiektuak aitzinera egiteko arazo ugari izan ditu, udalaren zati batek eszeptizismo haundia erakutsi baitu». Duela hilabete batzuk, BKZk eta udaleko gobernu taldeko teknikariek bilerak berrartu dituzte, «proiektua aitzinera eramateko bertze modu bat sortzeko helburuarekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun