Ibaien hobekuntza ekologikorako Life Kantauribai proiektua aurkeztu dute Bertizen

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 22a, 14:00

Nafarroako Gobernuko Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilaria Baztan-Bidasoko udal-ordezkariekin bildu da ekimen horri buruzko informazioa emateko; bertzeak bertze 25 oztopo eraistea eta 85 kilometro ibilgu askatzea aurreikusten da

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria den Itziar Gomezek Europako LIFE Kantauribai Proiektuaren esparruan egin den lehen informazio-jardunaldian parte hartu du gaur Bertizen, inguruko udalei ekimenaren irismenaren eta onuren berri emateko. Ekimenaren helburua da Bizkaiko Golkoan isurtzen duten ibaien eta ibaiadarren (Natura 2000 ibai-sarekoak) hobekuntza ekologikoa lortzea.

Bertizko Natur Parkean egin den jardunaldian izan dira Arantza, Bera, Donamaria, Doneztebe, Baztan, Igantzi, Lesaka, Bertizarana eta Sunbillako udal ordezkariak ere, hainbat agintari eta teknikariarekin batera.

Life Kantauribai proiektua Nafarroak gidatzen du, GAN-NIK erakundearen bidez eta bortz urteren buruan, Oria, Urumea, Urdazuri, Errobi eta Bidasoa ibaietan dauden 25 oztopo eraistea (horietatik 15 Nafarroan daudenak) eta 85 kilometro ibilgu askatzea (horietatik 57 Nafarroan) aurreikusten du.

Proiektuaren aurrekontu osoa 10.858.333 eurokoa da, eta Europar Batasunak LIFE programaren bidez finantzatzen du % 60a (6.514.995 euro). Programa hori 2022ko urriaren 1ean hasi eta 2027ko irailaren 30era bitartean gauzatuko da.

Aipatzekoa da Bidasoa eta Leitzaran ibaien habitaten eta ibai-espezieen kontserbazio-egoera hobetzeko balio izan duen LIFE Irekibai bukatu berriaren jarraipena eta bilakaera dela jarduera hau.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun