Lorpenak etorriko direla sinetsita dago Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimendua

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 20a, 16:00
Argazkia: Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimendua.

Hilabeteko hirugarren astelehenetan egin ohi dutenez, gaur ere karrikara atera dira Baztan-Bidasoko pentsiodunak. Elizondon egin dute elkarretaratzea eta 42 lagun bildu dira. Bertzeak bertze, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egin berri duen bortz eguneko itxialdia eta baraualdia izan dute hizpide. Gaineratu dutenez, «pentsiodunen eta bertze zerbitzuen mobilizazioek erakusten dute jendartea ez dagoela edozein gauza irensteko prest».

1.080 euroko guttieneko pentsioa eskatuz, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bortz eguneko itxialdia eta baraualdia egin zuen joan den astean Bilbon. Horren harira, Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek hasieratik aldarrikapen nagusia «1.080 euroko guttieneko pentsioa» izan dela oroitarazi dute gaurko elkarretaratzean eta horrekin batera, zera adierazi dute: «270 astez aldarrikapen horrekin, zaintzako bertze batzuekin batera, ematen du etsigarria izan daitekeela, baina oraingoan agertu diren elkartasun keinuek bide zuzenetik ari garela frogatzen dute».

Azaldu dutenez, «itxialdi denboran hainbat ekimen egin dituzte», eta horien artean, Estatu Espainiarreko bertze tokietatik etorritako pentsiodunen ordezkariekin hitzaldiak eta mahai inguruak egin dituzte. Gisa horretara, agerian gelditu omen da «Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren bidea bertze mugimenduentzat erreferentea dela, bere dinamika txalotzen dutela» eta horrek «indarra ematen du aldarrikapenekin aitzinera segitzeko».

Horrez gain, osasun sistema duina eskatuz azken hilabeteotan egin diren mobilizazioak babestu dituzte Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimendukoek gaur Elizondon. Bertzeak bertze, Bortzirietan Lesakako Osasun Zentroaren parean hilabetean behin elkartzeko deialdia egina dutela oroitarazi dute, baita Nafarroako Osasun Plataformak deituta joan den larunbatean egindako «manifestazio jendetsua» aipatu ere. «Aldarrikapen eta mobilizazio horiekin bat egiten dugu, interes berdina dugulako, zaintza duina, publikoa eta lan baldintza egokietan ematea».

Pentsioen erreformak

Pentsioen erreformak ere hizpide izan dituzte gaurko elkarretaratzean, eta Espainiako Gobernuak pentsioen kalkulurako «bertze erreforma bat gauzatzeko bidea egina duela» salatu dute: «Txarragoa izan zitekeen, baina murrizketaren bide berean segitzen dute». Eta hala, «azken hamarkada luze honetan egin diren pentsioen erreformak irauli» nahi dituztela erran dute.

Ipar Euskal Herrira ere begira jarri dira, eta «Macronen gobernuak Frantzian egitekoa duen pentsioen erreformaren kontra jendartea tinko dagoela» azpimarratu dute: «Kalapita izugarria piztu du Macronen asmoak. Erreforma egiten bada, seguru Frantzian mugarri bat sortuko dela».

Ondorioak

«Nazioartean agitzen duen sistemak gero eta mehatxu haundiagoak» egiten dituela ere kritikatu dute pentsiodunek eguerdiko agerraldian: «pentsio sistema, osasunaren kudeaketa, zaintza zerbitzuak, hezkuntza eta bertze zerbitzuak pribatizatuz eta kaskartuz...». Baina gisa berean baikor agertu dira. Euren hitzetan, «pentsiodunek eta bertze zerbitzuen mobilizazioek erakusten dute jendartea ez dagoela edozein gauza irensteko prest, eta hainbat arlotako jendearen artean badela elkartasunerako joera». Mezu argia luzatu dute: «Sinesten dugu lorpenak etorriko direla». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun