Baztan nagusitu da Malerrekaren kontrako laxoa eta paxaka desafioan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 20a, 11:00

Iturengo plazan jokatutako laxoa laburreko partida eta Legasako frontoian jokatutako paxaka partida irabazi dituzte baztandarrek

Baztan izan da Laxoa Elkartean antolatutako aurtengo desafioaren txapelduna, Malerrekaren kontrako bi partidak irabazita. Egun polita bizi izan dute igandean berriro ere, lehenik, laxoa laburreko partida izan dute Iturenen, eta gero, paxaka partidua Legasan. Eguraldia dela eta, atzerapen pixka batekin hasi da Iturengo laxoa partida, baina azkenean, arazorik gabe jokatu da.

Baztandarren laukotea Aitor Zubigarai, Xabi Mihura, Oinatz Jauntsarats eta Mikel Sagasetak osatu dute, eta Errekako laukotea Jon Apeztegia, Iker Bereau, Koldo Legarra eta Laurendi Zelaietak. Partidua parekatua joan da hasieratik, eta tanto politak ikusi dira Iturengo plazan. Azkenean, baztandarrak izan dira garaile 9 eta 6ko emaitzarekin.

Ondotik, Legasako Mendibegi frontoian jokatu da paxaka partida. Baztandik Manu Irigoien, Mikel Mindegia eta Xabier Barberena aritu dira. Errekatik Ioritz Zelaieta, Ugutz Zelaieta eta Javi Apeztegia. Hemen ere tanto arras politak ikusi dira, baina baztandarrek ez diote erremontadarentzat inongo aukerarik utzi Malerrekakoei eta hasieratik paratu dira aitzinetik. Azkenean, 9-3ko markagailuarekin bukatu da partida, hemen ere baztandarren alde.

Beraz, 2023ko desafioaren txapelduna Baztan izan da, baina, batez ere, paxaka eta laxoa ikusteko aukera izan dute ezohiko plazetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun