Hiru urtetik beheitiko haurrak dituzten familiei ehun euroko dirulaguntza emanen die Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 15a, 15:30

Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi du hiru urte baino guttiago dituzten familientzako dirulaguntzak emanen dituela. Hilabetero ehun euroko laguntza izanen da, baina diru guztia batera emanen du, hau da, urtean 1.200 euro aldi berean. Laguntza eskatzeko prozedura ez dago oraindik martxan.

Dirulaguntza presentzialki edo online eskatzen ahal izanen da, baina aipatu bezala, oraindik eskaria egiteko prozedura ez dute martxan paratu. Eta zehazki, urtarrilaren 1ean hasita hiru urte bete artekoek hartzen ahalko dute. Gobernuak jakinarazi duenez, laguntza hiru urte baino guttiagoko haurrak dituzten familien % 65ek hartuko du, eta kanpoan geldituko dira bertzelako laguntzak hartzen dituztenak. Haur bakoitzeko emanen dute ehun euroko dirulaguntza hori. 

Laguntza eskatzeko Nafarroan bizitzea eta erroldatua izatea nahitaezkoa izanen da, eskaera aurkezterakoan eta guttienez sei hilabete lehenagotik. Gainerakoan, 45.000 euro bitarteko errenta duten familiek hartuko dute laguntza, diru kopuru hori pertsona bakarrarengatik heldu baldin bada, edo 70.000 euro bitarteko errenta duten familiek ere bai, errenta hori pertsona bat baino gehiagotik heldu baldin bada. Laguntza bateragarria izanen da PFEZa edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga egiterakoan hiru urte edo guttiagoko umeak izateagatik egiten duten zerga arintzearekin. 

Bertzetik, haurra harrera familian dagoen kasuetan ere eskatzen ahalko dute laguntza, eta umearen zaintzaz arduratzen denarentzat izanen da. Zaintza partekatua duten kasuetan, berriz, bi gurasoek erabaki beharko dute nor izanen den dirulaguntza eskatuko duena eta nor dirulaguntza hartuko duena.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun