Mugaz gaindiko Larhun-E proiektua aurkeztu dute gaur Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 14a, 18:00

Larhun-E proiektuaren sustatzaileak gaur Beran egindako aurkezpenean.

Larhun mendia zaintzeko mugaz gaindiko proiektua garatuko dute Nafarroako Gobernuak, Pirinio Atlantikoen Departamentuak,  Berako, Sarako, Urruñako eta Azkaineko udalek, Euskal Hirigune Elkargoak eta Nasuvinsak.  Gaur aurkeztu dute Beran. 

Denera 2,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute proiektua garatzeko, POCTEFA mugaz gaindiko lankidetzarako Europako programan aurkeztuko dute finantziazioa lortu asmoz. Proiektu orokorra hiru urterako pentsatua da. 

Proiektua hainbat fasetan gauzatuko dute. Lehenengo fasean inguruan dauden azpiegitura eta sareen azterlana eginen dute, tartean ur hornidura, saneamendua, hondakinen kudeaketa eta lehen mailako zerbitzuak aztertuko dituzte.  

Gaur goizean egin dute proiektuaren aurkezpena Berako herriko etxean.

Bigarren fasea, espazioaren salbuespeneko ondare natural eta kulturalaren balorizazioari buruzkoa izanen da. Larhun Natura 2000 eremuaren barne dago, eta naturagune zabaldu eta ezagutaraztea izanen da asmoa. Horretarako, hainbat mendi bide berreskuratuko dituzte, memoria historikoa berreskuratzeko ekintzak egitea aurreikusten dute, baita trenaren inguruko historia ezagutaraztea ere. Azken atal bat gunearen mugaz gaindiko errekonozimenduari buruzkoa izanen da, hau da Larhunen mugazgaindiko errealitate ukaezina aitortzea. 

«Bisitari gehiago ez»

Aitor Elexpuru herriko alkatearentzat naturagune ederra den Larhungo gailurra babestu eta balioa emateko bidea irekiko du proiektu honek. «Euskal Herriaren historiaren parte garrantzitsua da Larhun, duen mugako izaeragatik. Elkargunea izatea nahi dugu, bertako paisaia ederrez eta ondareaz gozatzen jarraitu dezagun guk, eta ondorengo belaunaldiek». Elexpuruk argi utzi du proiektuaren helburua ez dela «bisitari kopurua handitzea», baizik eta bisitari horiei zein Larhunen parte diren bentetako langileei edota artzainei, erraterako, azpiegitura hobeak eskaintzea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun