Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren egoitzan agerraldia egin dute gaur UEMAk eta Nafarroako Gobernuak. Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Mikel Arregi Euskarabideko kudeatzaile zuzendaria eta Aitor Elexpuru Berako alkatea eta UEMAren zuzendaritza batzordekidea izan dira agerraldian, bi aldeen artean lehen aldiz gaur sinatu duten hitzarmena aurkezteko eta bertan bildutakoaren nondik norakoak azaltzeko.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 14 herrik osatzen dute Nafarroan: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Baztan, Bera, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Igantzi, Larraun, Leitza, Lesaka. Epe laburrean Doneztebe eta Arruazu ere kide bihurtuko dira.
Gaur egun, Nafarroako 14 udal dira UEMAko kide, eta martxoaren 25ean bertze bi gehituko dira zerrendara. Gaur sinatutako hitzarmenak udal horiei guztiei eragiten die, udalerri horietan euskararen erabilera areagotzeko UEMAk abian dituen edota abiaraziko dituen ekimenak lagunduko baititu diruz Nafarroako Gobernuak.
Zehazki, udalerri horietan UEMAk landuko dituen honako ekimenak lagunduko ditu Nafarroako Gobernuak, «gizarte bizitzan eta udalerri euskaldunetan euskararen erabilera bultzatzeko programak garatzeko», Nafarroan euskararen erabilera sustatu nahian: udaletako euskararen erabilera planak Kemen metodologiaren bidez berritzea; udalerriei euskararen inguruko aholkularitza ematea; udalerrietan kulturartekotasuna garatzeko proiektua; hezitzaileen prestakuntza; udalerriei itzulpen zerbitzua ematea, eta udalerri euskaldunetako gazteak kontzientziatzeko udalekuak.
Hitzarmena gaurtik aitzinera izanen da indarrean, 2023ko abenduaren 31 arte, eta bertan zehaztutako lanak bideratzeko, Nafarroako Gobernuak 30.000 euroko laguntza emanen dio UEMAri. Bi aldeen arteko jarraipen batzordea ere osatuko dute, eta gutienez bi aldiz bilduko da urtearen buruan. Hasieran, lan-programa adosteko, eta urte hondarrean egindakoaren balorazioa eta memoria osatzeko.
Orain arteko elkarlana esparru berrietara zabaltzeko aukera
UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano pozik agertu da hitzarmenarekin, eta Nafarroako Gobernuari eskerrak eman dizkio, udalerri euskaldunen errealitate soziolinguistikoa aintzat hartu eta horietan eragiteko bidelagun izateagatik. Lazkanok nabarmendu duenez, «UEMArentzat garrantzitsua da Nafarroako Gobernuarekin, eta zehazki Euskarabidearekin, azken urteotan estutu dugun harremana eta elkarlana. Euskararen biziberritzean eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan elkarrekin bidea egiteko oinarriak zehaztu izan ditugu lehendik ere. Azken urteotan, udalerri euskaldunen eta bereziki euskararen arnasguneen garrantzia ikusarazteko hainbat kanpaina eta ekimen bideratu ditugu elkarrekin, eta hitzarmen honek elkarlana beste hainbat esparrutara zabaltzeko aukera ematen dio UEMAri».
Lazkanok aipatu duenez, «udalak euskalduntzea ezinbestekoa da, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, baina udalerrien euskalduntzean ere gero eta gehiago ari gara eragiten, herritar berriak euskaraz eta euskaratik sustraituz edota gazteak kontzientziatuz, inertziatik kontzientziara salto egin dezaten, euskarari eusteko».
Elkarlana, gainera, ari da emaitzak ematen. Udalerri euskaldunen lurgunea gero eta zabalagoa da, eta horren froga da hilabete honetan bertan Nafarroako bertze bi udal gehituko direla UEMAra: Doneztebe eta Arruazu.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria ere pozik agertu da hitzarmenarekin, eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmendu nahi izan du. Olloren hitzetan, «Nafarroako Gobernuaren Euskararen Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat da euskararen egoera hobetzea, batez ere udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneak diren eremuetan hizkuntza horren erabilera indartuz. Nafarroako udalerri euskaldunetan normalean modu naturalean bizi daiteke euskaraz. Udalerri euskaldunetan, belaunaldi batetik bestera transmititzen da euskara, hizkuntza etenik gabe biziberrituz eta herri honen aniztasunari eta kulturari ekarpen garrantzitsua eginez. Horregatik zaindu, babestu eta indartu egin behar ditugu».
Ollok aipatu duenez, horren harira, «badira urte batzuk UEMArekin zenbait ekimen eta kanpaina egiten ari garenetik. Helburua, beti ere, udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da, euskarari egiten dioten ekarpena aitortzeko eta erakusteko. Horren berri eman izan diegu, bai udalerri euskaldunetako herritarrei, eta baita gainerakoei ere, dugun aberastasunaren kontzientzia izan dezaten. Orain, hitzarmen honi esker, esparru berrietara zabalduko dugu elkarlana, eta euskarari eusteko eta euskara sustatzeko ezinbestekoak diren alorretan ere jardungo dugu lanean, UEMAren laguntzari esker».