Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak bere aldarrikapen nagusiaren alde bertze jauzi bat egitea erabaki du. Orain bortz urte pasatu direla hasi zen mugimendua astelehenero karrikara ateratzen, elkarretaratzeak eta bertze mobilizazioak egiten. Adinekoen zaintza, osasun arreta, banketxetako arretak eta bertzeak izan ditu aldarrikapenen artean, baina pentsio duinak eta publikoak hartu izan dute lerro nagusia, eta batez ere pentsio apalen osagarria egitea, 1.080 euro bereziki.
Bide horretan hainbat planteamendu egin izan dira; Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketa Iruñeko eta Gasteizko parlamentuetan eztabaidatu eta onartu zezaten, Gasteizko eta Nafarroako gobernuei egindako interpelazioa 1.080 euroraino osatu zitzaten apalagoak diren pentsioak, alderdi politikoekin egin ziren bilerak, Euskal Herri mailako pentsiodunen bizikleta martxa, eta estatuko bertze pentsiodunen mugimenduekin batera Madrilgo Kongresuan aurkeztu ziren sinadurak, bertze gauzen artean 1080 eurorainoko pentsio osaketa eskatuz. Madrilen egindako manifestazio jendetsu eta koloretsu batekin akitu zen ekimena.
Asteleheneroko mobilizazioek segitzen dute, baina 1.080 eurora arteko osagarriak bete gabe segitzen du. Eta oraingo honetan jauzi bat ematea erabaki da: martxoaren 13tik 18ra itxialdia eta baraualdia egitea. Itxialdia eta baraualdia Bilbon eginen da, eta tarteko egun horietan hainbat ekitaldi izanen dira.
Bilboko ekimena Euskal Herri Mailakoa izanen da, 1.080 euroko guttiengo pentsioen alde. Nafarroan zerbait propioa egiteko asmoa bazen ere, hau martxoaren 13ra mugatuko da; asteleheneroko elkarretaratzeen harira, manifestazio bat eginen da, Iruñeko Udaletxetik Nafarroako Gobernuaren egoitzara. Martxoaren 18rako Nafarroako gehiengo sindikalak manifestazioa deitu baitu osasun publikoaren eta duinaren alde, martxoaren 23rako deitua den grebaren haritik. Dei hauekin bat egiten du Nafarroako Pentsionisten Mugimenduak, eta hauek indartze aldera ez du bertze ekimenik antolatuko.
Ondoko taulan Nafarroa mailan 1.000 euroren azpitik dauden pentsioak ageri dira:
GIZONEZKOAK | EMAKUMEZKOAK | GUZTIRA | |
150 eurora arte | 764 | 1.168 | 1.932 |
150,01etik 250era | 844 | 1.172 | 2.016 |
250,01etik 300era | 356 | 802 | 1.158 |
300,01etik 350era | 408 | 1.216 | 1.624 |
350,01etik 400era | 576 | 1.776 | 2.352 |
400,01etik 450era | 504 | 1.591 | 2.095 |
450,01etik 500era | 639 | 3.009 | 3.648 |
500,01etik 550era | 655 | 3.021 | 3.676 |
550,01etik 600era | 725 | 1.641 | 2.366 |
600,01etik 650era | 459 | 1.312 | 1.771 |
650,01etik 700era | 754 | 1.565 | 2.319 |
700,01etik 750era | 1.973 | 5.987 | 7.960 |
750,01etik 800era | 3.018 | 8.925 | 11.943 |
800,01etik 850era | 1.463 | 3.835 | 5.298 |
850,01etik 900era | 1.355 | 2.660 | 4.015 |
900,01etik 950era | 1.541 | 2.400 | 3.941 |
950,01etik 999,99ra | 2.476 | 2.007 | 4.483 |
1.000 euro | 2 | - | 2 |
18.512 (% 26,6) | 44.087 (% 60,9) | 62.599 (% 44,1) |
Horrez gainera, 1.000 eta 1.100 bitarteko pentsioak 5.962 dira. Datu horiekin erran dezakegu 1.080 euro azpitik direla 67.371 pentsio, hau da, % 47,43. Ondorio bezala, Nafarroan pentsiodunon ia erdiak 1.080 euro baino guttiago kobratzen du.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak astelehenero mobilizatzen segituko du, eta helburuak lortu arte ekimen berriak antolatzen. Hau da hartu den konpromisoa, eta mugimenduaren bosgarren urteurrenean atera den abestiak dioen bezala; «Irabazi arte ez dugu etsiko, ez dugu etsiko inoiz».