‘Komunikabideak etorkizuna ehuntzen’ lelopean, TOKIKOMek berak antolatu ditu jardunaldi hauek, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta EiTBren babesaz, eta Uribe Kostako Hiruka komunikabidearen laguntzaz.
Hausnarketa, aldarrikapena eta besta
Ekitaldia goizeko 9etan hasiko da, eta hiru zati izanen ditu: hausnarketa, aldarrikapena eta besta.
Hausnarketari dagokionez, hiru gai nagusi landuko dira jardunaldian: lehenengoa toki komunikabideen demokrazia sozialaren eraikuntzan duten garrantzia izanen da. Horretan sakontzeko, Britainia Handiko BBC telebista publikoaren ‘Local Democracy Reporting’ eta ‘Shared Data Unit’ esperientziak ezagutaraziko dira, korporazio publikoaren zein Erresuma Batuko toki komunikabideen ikuspegitik. Gainera, Norvegiako toki komunikabideen elkarteak bertako telebista publikoarekin duen lankidetza programaren berri ere emanen du, eta TOKIKOMek EiTBrekin batera garatutako Saretzen egitasmoaren lehen fruituak aurkeztuko dira.
Gai teknikoagoetara pasatuz, kazetaritza eta aisialdia izanen da beste mintzagaietako bat. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko IKUSIKER ikerketa taldeko kideek Euskal Herriko gazteen eduki eta informazio kontsumoen ohituren berri emanen dute eta, gai horrekin lotuta, EiTB prestatzen ari den Primeran ikus-entzunezko plataforma publikoaren aurrerakin bat ere ikusi ahal izanen da Getxon.
Gai teknikoekin segituz, kazetaritza eta digitalizazioa ere izanen da hizpide. Alde batetik, UNAVeko adituen eskutik Reuters Institutuaren Digital News Report txostena aztertuko da, eta zer dioen mundu osoko eta Espainiako eduki eta albiste kontsumo ohituren inguruan. Gainera, tokiko kazetaritzan aplika daitezkeen adimen artifizialeko tresnen aukerak eta erronkak ere landuko dira.
Toki komunikabideen elkarteen manifestua
Eguna bukatzeko, jardunaldiak TOKIKOMen urteurrenaren inguruko ikuskizun batekin borobilduko dira eta, haren ondotik, elkarrekin mokadu bat hartu eta ospatzeko aukerarik ere ez da faltako.
Ikusi hemen Jardunaldien egitarau xehea eta lekuak erreserbatzeko sistema.