'Bat egin Errigora Balioekin' aldarrikatuz, kanpaina berria abiatu du Errigorak

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 9a, 16:00

Nafarroa hegoaldean euskara sustatzeko helburuarekin, Errigorak kanpaina berri bat abiatu du. Dagoeneko eros daitezke oliba olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekale sortak eta apirilaren azken astean eta maiatzaren hasieran banatuko dituzte, 200 herri baino gehiagotan jarriko dituzten banaketa guneetan.

Martxoaren 9tik 29ra bertako oliba-olio birjina estra —ontzi handietan— eta kontserba, arroz, pasta, arbendol eta lekale-sortak —12 unitateka— eskatu ahal izanen dira, euskaraz etiketatuta eta, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Aurtengoan, kanpainan eskuratu ahal izanen diren produktuak Errigora balioak berme zigilu eta guzti datoz, euskarazko ohiko etiketetan gehituta. Berme zigilu horrek produktuak 4 balio (gutienez) badituela ziurtatzen du: Euskara, Auzolana, Bertakotasuna eta Nekazariekiko harreman bidezkoa.

Eskaintza

Azken urteotan hartutako bideari jarraituz, aurtengo eskaintzak ere agroekologiaren aldeko apustuan sakontzen du:

  • Oliba­ olio birjina estraren kasuan, hiru barietate ez ­ekologiko dituzte —enpeltre, arbekina eta pikual—; ekologikoan, aldiz, bertako arroitz barietateaz eta arbekinaz gain, bi litroko bi bidoiz osatutako sorta ere eskaintzen dute.
  • Kontserbei dagokionez, ekoizpen ekologikoko bederatzi produktu izanen dituzte  —zainzuri zuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, barazki­ menestra, arbendolen sorta, leka, borraja eta zerba penkez osatutako barazki sorta, tomate frijitua eta txitxirioak— eta zazpi ez ­ekologikoak —zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, potxak, borraka eta zerba penka sorta eta tomate frijitua—.
  • Gorago aipatutakoaz gain, arroz ekologikoa eta ez­ ekologikoa eta pasta ekologiko sorta ere paratu dituzte aukeran.
  • Lekale ekologikoak ere eskainiko dituzte: seina pakete dilista eta txitxirioz osatutako sorta.

Kanpainaren funtzionamendua

Kanpaina urtean behin egiten dute eta, hortaz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte osorako despentsa betetzea. Horregatik, produktuak formatu handian eskaintzen dituzte: olioa 5 litroko bidoietan —edo 4 litroko packean— eskaintzen da eta arroza, pasta, lekaleak eta barazki­kontserbak 12 unitateka.

Bi bide daude eskaerak egiteko:

  • Online, errigora.eus webgunean.
  • Eta, sarean eskaerak egiteko gai ez direnentzat, telefono bidez, Hego Euskal Herritik +34 848 87 12 23 eta Ipar Euskal Herritik +33 532 09 35 45 telefono ­zenbakira deituta.

Ordainketa txartel bidez eginez gero, 100 eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera izanen da (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez bada, dena batera ordaindu beharko da, eskudirutan, produktuak jasotzean.

Banaketa puntuak

Banaketa apirilaren azken astean eta maiatzaren lehenengoetan egitea aurreikusia dute eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean banatuko dituzte. Eskaera egiterakoan norberak aukeratu behar du produktuak biltzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko da biltzera. 200 bat herritan daude banaketa guneak. 

Herriak Banaketa gunea
Areso Aresoko plaza zaharra
Baztan Baztan ikastola
Bera Berako Kultur Etxea
Doneztebe

Malerrekako Errigora gunea

Goizueta

Umore ona elkartea

Leitza

Udal pabilioia

Lesaka

Arrano

Sara

Ahizpa denda

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun