Milaka eta milaka izan ziren atzo antolatutako mobilizazioetan parte hartu zuten herritarrak. Eta horren lekuko izan ziren eskualdeko karrikak. Ikusi atzoko egunak eskualdean utzitako irudi batzuk hemen.
Zaintza izan zen atzoko egunaren ardatz nagusietako bat, eta mugimendu feministak egungo zaintza sistema irauli behar dela aldarrikatu zuen. «Emakumeak* gara familian zaintzen ardura gure gain hartzen dugunak, zahar etxeetan zein haur eskoletan lan egiten dugunak, emakume* migranteak gara etxeak eta ospitaleak garbitzen ditugunak, zahartzaroan dauden pertsonak egunerokoan laguntzen ditugunak. Eta nekatuta gaude, ezin dugu gehiago». Hori dela eta, atzoko eguna «inflexio puntu gisa» erabili eta udazken honetan greba eginen duela iragarri zuen: «Gure neke, haserre eta ezinetatik indarra atera eta greba bat antolatuko dugu».
Honela azaldu zuen. «Grebara goaz, bai. Zergatik? Zaintzak ardura kolektiboa izan behar duelako, zaintzea jendarteko pertsona guztion betebeharra delako. Zaintzak emakumeen* gain uzteari utzi behar diogu». Eta argi utzi nahi izan du: «gizon, hartu zure ardura!». Horrekin batera, «zaintzak negozioa izateari utzi behar diola» aldarrikatzeko ere eginen du grebarako deia, «zainduak izateko eskubidea dugulako guzti-guztiok. Lan eskubide duinak zaintzaileentzat, zaintzarako eskubidea guztiontzat».