Hezkuntza publikoko langileak lanuztera deitu dituzte apirilaren 3an

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 8a, 17:00

Grebaren deitzaileak aurkezpen prentsaurrekoan. Irudia: Euskalerria Irratia.

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute grebara. Nafarroako Gobernua «benetako» negoziaziora behartu nahi dute irakasleen lan baldintzak hobetzeko. 

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek lanuztera deitu dituzte hezkuntza publikoko langileak apirilaren 3an. Aitzinetik ere, greba egina dute aurten. Otsailaren 15ean funtzio publikoko langile denak deitu zituzten grebara, eta martxoaren 23an, aldiz, Osasunbideko Intersindikalak deitua du greba osasungintzan.

Sindikatuen hitzetan, iragan otsailaren 15ean egindako eskaerei «ez die inolako erantzunik eman» Nafarroako Gobernuak. Gainera, Hezkuntza Departamentuari «premiazko negoziazioa» hasteko eskatu diote.

Sei aldarrikapen berri egin dizkiote gobernuari: ratioak txikitzea hezkuntzako ziklo denetan; soldatak KPI kontsumorako prezioen indizearen arabera igotzea eta 2010etik galdutako erosahalmena berreskuratzea; funtzionario mailak eta titulazioak eguneratzea; lanbide karrera ezartzea langile denentzat; behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea eta gainkarga burokratikoa murriztea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun