Ireki dute Salto! udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuetan izena emateko epea

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 7a, 14:00

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuen helburua.

Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak ekainaren 26tik uztailaren 4ra izango dira aurten, eta hilaren amaiera arte eman ahal izanen da izena. Aurten ere ibiltaria izango da UEMAk antolatutako ekimena. Orozkotik Dimarako bidea egingo dute udalekuan parte hartuko duten 120 lagunek. 

Lau herritatik pasatuko da udalekua. Herri bakoitzean bi gau pasatuko dituzte, eta herri batetik bertzera oinez mugituko dira. Lehen bi egunak Orozkon pasako dituzte, hurrengo biak Areatzan, hurrengoak Otxandion eta azkenak Diman. Herriz herriko ibilaldiez gain kultur ekitaldiak, tailerrak eta solasaldiak izanen dituzte, eta euskaldun gisa kontzentziatzeko, indartzeko eta ahaduntzeko gunea izanen da. 

Aurten, 2005 eta 2008 urteen artean jaiotako gazteek izango dute udalekuan parte hartzeko aukera. Izena emateko hiru modu daude: esteka honetan sartzea, 943 81 66 99 telefonora deitzea, edota inskripzio datuak arnasguneak@uema.eus helbidera bidaltzea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun