Geuretik Sortuak egitasmoaren aurkezpena egin dute Beran gaur

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 3a, 14:30

Eskualdeko bi sortzaile aukeratu dituzte programan parte hartzeko: Jon Abril Olaetxea beratarrak Atharratzen eginen du egonaldia , eta Gaizka Sarasola Iartzabalek Larrabetzun. Aldiz, eskualdeko lau herrik hartuko dute parte: Berak, Lesakak eta Sarak Urruñarekin batera, eta Leitzak Berastegirekin. 

Gaur egin dute Beran Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren aurkezpena. Bertan izan dira aurtengo ediziorako aukeratutako sortzaileak, eta baita egitasmoan parte hartuko duten hainbat herritako udal ordezkariak ere. Aitor Elexpuru Berako alkateak eman die ongi etorria bertaratutakoei. Proiektuaren garrantzia nabarmendu du Elexpuruk, «guk sortzen ez badugu zeinek sortuko du?», galdera luzatuta. 

Udalbiltzako ordezkariek nabarmendu dutenez, lehenengo edizioan helburu berbera du egitasmoaren bigarren aldi honek ere: euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzea. Ekitaldian izan dira Atharratzeko eta Ziortza-Bolibarko hautetsiak ere, eta egitasmoak duen garrantzia nabarmendu dute biek ala biek. 

Aurkezpenean azaldu dutenez, iazko urrian zabaldu zuten beka deialdia lau modalitatetan: literatura, zinegintza, antzerkigintza, eta komikigintza. 60 proposamen jaso dituzte, eta 22 izan dira aukeratutakoak. Aurten ere, bi, hiru, lau eta bortz udalerritako multzoak egonen direla azaldu dute, euren kabuz parte hartzea erabaki dutenez gain.

Eskualdeari dagokionez, Berak, Lesakak, Sarak eta Urruñak elkarrekin hartuko dute parte proiektuan, eta Aritz Ibarra Agirrezabal komikigilea izanen da lau herrietan egonen den sortzailea. Leitza, aldiz Gipuzkoako Berastegirekin aurkeztu da, eta Unai Gaztelumendi Arandia komikigilea izanen da bertan. 

Eskualdeko sortzaileei dagokionez, Jon Abril Olaetxea beratarraren eta Gaizka Sarasola Iartzabal lesakarraren proiektuak aukeratu dituzte. Abrilek Atharratzen (Zuberoa) eginen du egonaldia eta eta Sarasolak Larrabetzun (Bizkaia). Biek ipuin bana sortu beharko dute.

Hauek dira aukeratutako sortzaileak, eta bakoitzari egokitutako herria:

Literatura:

  • Edorta Jimenez Ormaetxea, Mutriku. 
  • Ainhoa Urien Telletxe: Lodosa, Sartaguda, Mendabia, Andosilla eta Sesma. 
  • Idoia Etxeberria Elortza: Zaldibia eta Ataun. 
  • Maddi Arozena Zubeldia: Ziortza-Bolibar. 
  • Jon Abril Olaetxea: Atharratze. 
  • Lutxo Egia del Rio: Segura. 
  • Maitane Perez Argote: Errigoiti, Ajangiz eta Muxika. 
  • Saioa Alkaiza Guallar: Berriatua. 
  • Maite Aizpurua Olaizola: Araitz, Betelu eta Larraun. 
  • Gaizka Sarasola Iartzabal: Larrabetzu. 

Antzerkia

  • Goitibera konpainia: Hernani 
  • Antzerki Aroak/ Zinealdiak: Zumaia. 
  • Jon Ander Urresti Ugalde: Aulesti, Munitibar eta Amoroto. 

Zinegintza

  • Pelle Etxeberria Busquets: Antzuola eta Aiherra. 
  • Arriguri/ Aitor Gametxo: Uharte. 
  • Alba Lozago Garcia: Oiartzun. 
  • Aitzol Saratxaga Saez: Legutio. 

Komikigintza:

  • Iñaki Martiarena Mattin: Usurbil.
  • Aritz Ibarra Agirrezabal: Sara, Urruña, Bera eta Lesaka. 
  • Kote Camacho de Miguel: Bergara. 
  • Unai Gaztelumendi Arandia: Leitza eta Berastegi. 
  • Eñaut Aiertzaguena Bravo: Amasa-Villabona. 

Udalerri horietan hiru astera bitarteko egonaldiak eginen dituzte aurten, eta sorkuntza lana bukatu ondotik, 2024an kultur zirkuitu bat osatuko dute. Ipuinak eta komikiak bilduma banatan argitaratuko dira, film laburrekin muntaia orokor bat eginen dute, eta antzezlanak euren kabuz aurkeztuko dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun