Xabi Iriarte Ibarrola

«Euskara praktikatzeko espazio segurua ematea du helburu Solaslagunak»

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 4a, 08:00

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi eta maite duen gaztea da Xabi Iriarte Ibarrola (Doneztebe, 2000). 2022ko irailetik Euskaltzaleen Topaguneak sortutako Solaslaguna egitasmoaren koordinatzailea da

Zer da Solaslaguna egitasmoa?

Solaslaguna Euskaltzaleen Topaguneak sortutako Mintzalagun egitasmoaren parte da. Honen helburua euskara ikasi edo praktikatu nahi duten pertsonei hau egin ahal izateko aukera eta espazio seguru bat eskaintzea da.

Zein dira zure ardurak?

Koordinatzailearen arduren artean, taldeen koordinazioa, egitasmoaren komunikazioa eta ekintza osagarrien antolaketa daude, bertzeak bertze.

Nola funtzionatzen du egitasmoak?

Parte hartzaileak taldeka elkartzen dira, eta hauek pertsona bakoitzaren lehentasunen arabera sortzen dira, herria eta ordutegia kontuan hartuz. Astean behin ordubetez elkartzen dira taldeak adostutako zerbait egiteko, poteatzeko, adibidez. Bilera hauek euskaraz praktikatzeko tarteak dira partaideentzat. Taldeak 5 edo 6 pertsonakoak izatea komeni da, partaide guztiek solastatzeko aukera izan dezaten. Bi rol desberdin daude: Bidelaguna eta Bidelaria. Bidelaguna euskaraz ongi dakien pertsona da eta bilera dinamizatzeko eta gainerako taldekideei laguntzeko dago. Bidelaria, aldiz, euskara praktikatu nahi duen pertsona da. Talde bakoitzean Bidelagun bat dago eta gainerakoak Bidelariak dira.

Noiz abiatu zen ekimena eskualdean?

Malerrekan, Bortzirietan eta Baztanen 2007an sortu zen Solaslaguna, euskara praktikatu nahi duten pertsonek lagun arteko espazio seguru eta goxoa izan dezaten.

Eta zenbat talde dituzue gaur egun?

Egun, bederatzi talde daude martxan, eta bertze bat antolatzen ari gara. Baztanen eta Bortzirietan hiruna talde ditugu, Malerrekan, berriz, bi. Guztira, 48 lagunek parte hartzen dute egitasmoan, horietatik zazpi bidelagunak dira eta gainontzekoak bidelariak.

Nolako emaitzak ikusi dituzue bidelarien artean?

Hasieran lotsa izaten dute, zerbait gaizki errateak beldurtzen dielako, baina akatsen bat egiten badute taldekideek beti errespetuz zuzentzen eta laguntzen diote elkarri. Dinamika hau aukera arras ona da sinonimoak eta euskalkiak ikasteko, eta arras polita da bidelagunen artean elkar elikatu egiten direla ikustea.

Taldeen bilerez gain, bertzelako ekitaldiak ere egiten dituzue?

Bai, asteroko bilerez gain, noizbehinka ekitaldi bereziak antolatzen ditugu; mendi irteerak, bazkariak, bisita gidatuak… eta bestelako ekitaldiak.

Nola ikusten duzu euskararen egoera Baztan-Bidasoan?

Zorionez biztanle gehienek euskaraz badakite, baina egia da herriaren arabera euskararen erabilpena baxua dela, gazteen artean gehien bat.

Eta kanpotik etorritakoek euskara ikasteko ahalegina egiten dute?

Solaslaguneko partaideen kasuan, erakutsi duten gogo eta ilusioak asko harritu nau, eta euskara ikasteko erakusten duten interesak asko pozten nau.

Nola animatu daiteke jendea horrelako ekimenetan parte hartzera?

Ekintza osagarriak irekiak dira, egitasmotik kanpo dauden pertsonak ere joan daitezke. Hau arras aukera ona da mintzapraktika probatzeko, eta probatu ondotik gehienek errepikatzen dute.

Zein asmo dituzue etorkizunera begira?

Egitasmoa indartzea da gure helburu nagusia. Horretarako, ekintza osagarri gehiago eginen ditugu, taldeak indartzeko eta eragileekin harremanak sendotzeko.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Euskara ikasteko gogoa duten pertsonei animatzeko erran nahi diet, Solaslagunak euskara lagun artean eta giro goxoan praktikatzeko aukera eskaintzen baitu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun