Euskal Herriko sokatira txapelketa mistoa jokatuko dute martxoaren 5ean Ibarran

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 3a, 17:00

Amaiurko sokatira talde mistoa, joan den urteko Euskal Herriko txapelketan aritu zen lehen aldiz. Igandean ere lehian izanen da.

Bezperan, 23 urtez beheitikoan parte hartuko du Amaiurrek Abadiñon

Euskal Herriko sokatira txapelketa bukatzeko, martxoko lehen asteburuan, larunbatean, martxoak 4, junior eta 23 urtez beheitiko txapelketa jokatuko dute Abadiñon (Bizkaia). Amaiurko taldea 23 urtez beheitikoan lehiatuko da. Igandean, martxoak 5, txapelketa mistoa (580 kilo) jokatuko da Ibarran (Gipuzkoa). Hau izanen da talde gehien bilduko dituen txapelketa, hamabi guztira. Amaiur eta Beti Gazterekin batera, bina talde paratuko dituzte goma gainean Abadiñok, Gaztedik eta Ibarrak eta bana Antsoain, Badaiotz, Berriozar eta Goiherrik.

Munduko txapelketara

Ondotik, martxoaren 8tik 11ra jokatuko dute Ipar Irlandako Parkgate herri ttikian Munduko sokatira txapelketa. Astelehenean hartzekoa dute bertara joateko hegaldia Beti Gazteko tiralariek, baita bertze zenbait taldetan (Antsoain, Berriozar eta Beti Gazten ere) ariko diren amaiurtarrek ere. Asteartean pisaketak izanen dituzte eta asteazken eta ortzegunean klub arteko txapelketa jokatuko dute eta ortzirale eta larunbatean nazioartekoa. Lesakako Beti Gaztek ordezkatuko du Basque Country kategoria gehienetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun