Baztango eta Urdazubiko Kenpo Kai taldeko hainbat kirolari Tunisian jokatuko den munduko txapelketara joanen dira

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 2a, 19:00
Baztango eta Urdazubiko kenpo kai eskolatik munduko txapelketara joateko aukera duten kirolariak.
  • Irailaren 27tik urriaren 1era jokatuko da Afrikako herrialdean eta Euskal Herria ordezkatuko dute.
  • Nafarroako Kenpo Kai Txapelketa maiatzaren 6an jokatuko dute Beran.

Urte honetan, Afrikan jokatuko da Munduko Kenpo Kai txapelketa, Tunisiako Hammamet hirian, hain zuzen. Baztan eta Urdazubiko kenpo kai eskolako hainbat kirolari izan dira aurre-aukeratuak eta gehienak bertan izanen direla jakinarazi digu Mikel Bakero taldekideak. Aitzinetik, Nafarroako txapelketa jokatzekoa da maiatzean Beran eta Berako taldetik ere joanen dira munduko txapelketara.

Adin eta kategoria ezberdinetan banatuak, Mikel Bakero, Hegoi Bakero, Nerea Sanz, Ibai Aleman, Beñat Etxeberria, Aimar Rekarte, Miguel Nuñez , Iñaki Alzuyet, Nahia Alzuyet, Aiora Alzuyet eta Daniel Sanz izan dira Baztan eta Urdazubiko aurre-aukeratuak. Mikel Bakeroren erranetan, «Kenpo Kai-a gure herrialdean sustrai handiak dituen arte martziala da, praktikante ugari ditu eta 20 urte baino gehiagoko bidean gure herrialdean, hainbat eta hainbat arrakasta lortu ditu kirol arloan. Nabarmendu behar da, gure lehiakideak Euskal Herria ordezkatzera joanen direla munduko txapelketara eta gure lehiakideak espezialitate honetako kirolari onenekin lehiatzeko aukera izanen dute».

Gogor ari dira entrenatzen erronka honetarako eta beraiek erraten duten bezala «ez dago saririk sufrimendu gabe».

Nafarroako Kenpo Kai txapelketa maiatzaren 6an Beran

Oraindik zein izanen diren jakinarazi ez badute ere, Berako Kenpo Kai eskolatik ere joanen dira Munduko txapelketara. Baina Tunisiara joan baino lehen, Beran bertan jokatuko dute Nafarroako Kenpo Kai txapelketa maiatzaren 6an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun