Sendaberri zikloaren barrenean dantza emanaldiak izanen dira Beran, Leitzan eta Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 2a, 18:00

Gaur egin dute Berara, Leitzara eta Lesakara dantza emanaldiak ekarriko dituen Sendaberri zikloaren aurkezpena Artikako kultur etxean.

Nafarroako Antzoki Sareak antolatzen duen Sendaberri zikloan hamabi konpainiaren 64 emanaldi programatuko dira guztira, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuaren babesari esker, eta sarearen bazkide diren 32 gune eszenikoren parte-hartzearekin. Eskualdeari dagokionez, Leitzan, Lesakan eta Beran izanen dira dantza emanaldiak, tartean Led Silhouette taldearena.

Nafarroako Antzoki Sareak Sendaberri, Paisaia eszeniko berriak Zirkuituaren 2023. urteko edizioa aurkeztu du, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuarekin lankidetzan diseinatutako erakundearen programa propioa. Edizio honetan sarearen bazkide diren 32 gune eszenikoren parte-hartzea izango du programak.

Sendaberri hitz joko bat da, gaztelania eta euskara nahastuz bide berriak esan nahi duena. Horixe da, hain zuzen ere, zikloaren helburu nagusia: Nafarroako Antzoki Sarearen espazio eszenikoen ohiko programazioa aberastea eta osatzea, proposamen eszeniko berriak , edo ez hain ohikoak gozatzeko bideak eraikiz.

Nafarroako Antzoki Sarearen proiektu honek 100.000 euroko ekarpena jasotzen du Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuaren eskutik, eta aurtengo edizioan parte hartzen duten udalerriek 97.000 euroko ekarpena egiten dute. 197.000 euro guztira, konpainien eta haien lantalde artistikoa eta teknikoaren katxeta ordaintzeko oso-osorik.

Ignacio Apeztegia, Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendari Nagusia, Sendaberri Zirkuituaren programazioaren aurkezpenean izan da, Pello Gurbindo Nafarroako Antzoki Sareko lehendakariarekin, Ana Isabel Oteiza Berriobeitiko Kultura zinegotziarekin, Iker Bengotxea zirkuituaren kudeatzailearekin eta programazioan parte hartuko duten hainbat konpainiarekin.

Eskualdeko emanaldiak

Lesakan egoitza duen Led Silhouette konpainiaren Creepy Crawly dantza emanaldia eta jarduera paraleloa Leitzako Herri Aretoan apirilaren 10ean, 19:00etan hasita eta Lesakako Harriondoa kultur etxean maiatzaren 20an, 19:00etan hasita eginen dituzte.

Zuk Performng Arts taldearen Yerma urriaren 7an, 19:00etan hasita eskainiko dute Berako kultur etxean.

Basotik Itsasora 2.0, Dantzaz konpainia gipuzkoarraren eta SCNO2 enpresa nafarraren arteko koprodukzioa urriaren 14an ikusgai izanen da Lesakako Harriondoa kultur etxean, 19:00etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun