'Ehun udal eta hamaika gehiago' ekitaldia eginen du UEMAk martxoaren 25ean Azpeitian

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 2a, 20:00

2020an Lesaka UEMAn sartu zenean, bertan egin zuten Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen batzarra.

Mankomunitatean ehun udalerri izatera ailegatuko direla ospatzeko ekitaldian Estitxu Pinatxok kantatuko du

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) ekitaldi berezia eginen du martxoaren 25ean Azpeitiko (Gipuzkoa) Soreasu antzokian, mankomunitatea ehundik gora udal izatera ailegatu delako. Ekitaldiaren helburua  «udal horien guztien lana eta udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzea nahiz euskarari eusteko eta euskara biziberritzeko egindako ahalegina ikusaraztea eta omentzea» da. Dagoeneko eman daiteke izena ekitaldira joateko. Horretarako, nahikoa da labur.eus/uema100 helbidean izen-ematea egitea. EITBk zuzenean eskainiko du ekitaldia eta, bertzeak bertze, Estitxu Pinatxo beratarrak kantatuko du. 

Musika, dantza eta bertsoa

Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztuko dute ekitaldia, eta oholtza gainean zuzenean ariko dira Ines Osinaga eta Estitxu Pinatxo musikariak, Elene Carreto eta Ioar Labat dantzariekin, Jon Maia bertsolari eta musikariarekin edota Imanol Epelde irakasle, musikari eta youtuberrarekin batera, bertzeak bertze. Euskal Herriko erakundeetako zein euskalgintzaren ordezkariek ere hartuko dute hitza, eta ikus-entzunezkoak ere ez dira faltako. «UEMAren ibilbidea erakutsiko duen dokumental laburraz gain, mankomunitatearen lanaz eta udalerri euskaldunen garrantziaz hitz egingo duten hainbat lagun ere ikusi ahal izango dira pantaila handian», aitzineratu dute antolatzaileek. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok itxiko du ekitaldia.
UEMAko kide diren ehun udaletako alkateak eta zinegotziak ere gonbidatu dituzte ekitaldira, «Izan ere, ehun udal horiei aitortza egitea da ekitaldiaren asmoetako bat, euskararen biziberritzeari egin dioten ekarpenagatik eta herritarren aurrean euskara nabarmentzeko duten konpromisoagatik». 

 

Eskualdeko bederatzi udal

Ekitaldia 11:00etan hasiko da, baina lehenago ezohiko batzar nagusia eginen du UEMAk, Azpeitiko Soreasu antzokian bertan, 09:45ean hasita. UEMAko kide diren udaletako alkateek eta ordezkariek herri berrien eskaerak onartuko dituzte batzar horretan, eta orduan ailegatuko da da UEMA 100 udal baino gehiago izatera. Gaur egun, 97 herrik osatzen dute UEMA, eta eskualdeko bederatzi daude bertan: Arantza, Areso, Baztan, Bera, Etxalar, Goizueta, Igantzi, Leitza eta Lesaka. Eskualdeko herri horiez gain, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako zein Nafarroako beste hainbat herri daude UEMAn, eta guztien artean, 315.000 biztanleko lurgunea osatzen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun