Urrezko Aizkolarien Binakako txapelketaren 23. edizioko finala jokatu zuten otsailaren 26an, igande eguerdan Urrestillako Txikuri pilotalekuan. Jon Rekondo leitzarra zen eskualdeko aizkolari bakarra finalean eta Iker Vicenterekin batera txapeldunorde izan zen. Hodei Ezpeleta Bihurri eta Jokin Urretabizkaia Basozabal izan ziren txapeldun. Argazkiak: Ibon Errazu Uria
Bikote bakoitzak hamabi enbor moztu behar zituen, sei modalitatetan. Bihurrik eta Basozabalek 17 minutu eta 19 segundio behar izan zituzten eta Rekondok eta Vicentek 18 minutu eta 9 segundo. Hirugarren izan ziren Mikel Larrañaga eta Txomin Amundarain (18.52) eta laugarren Julen Alberdi Txikia IV.a eta Ioritz Gisasola Zelai IV.a (19.16).
Paulo Azpiazu harri-jasotzen
Urrezko Harri-jasotze txapelketa-Harri-jasotzaile azkarrena txapelketako finala ere jokatu zuten eta Paulo Azpiazu nagusitu zen. 125 kiloko laukizuzenarekin, 125 kiloko koparekin, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko harri borobilarekin aritu ziren, minutu eta erdiko txandetan. Azpiazu ongi nagusitu zen, denera 8.175 kilo bizkarreratu baitzituen. Xabat Olaizola bigarren izan zen (7.512,5 kilo) eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a hirugarren (6.387,5 kilo).
Igande eguerdiko egitaraua ixteko, harri-jasotzen erakustaldia egin zuten Karmele Gisasola Zelai III.a, Lur Errekondo eta Lucia Orbe harri-jasotzaileek eta aizkoran, Nerea Sorondo beratarrak eta Oihana Fernandezek.