Euskaltzaleen Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak 'Euskarak 365 egun' hitzarmena berritu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 28a, 10:00
  • 'Euskarak 365 egun' izeneko hitzarmenaren helburua euskararen erabilpena bultzatzea da, hiztunen hizkuntza ohituretan eraginez.
  • Bi egitasmo nagusitan gauzatuko da aurtengo ekimena: lehenengoa, udaberrian, gazteei zuzendua eta bigarrena, udazkenean, haurren aurrean aritzen diren helduei zuzendua.

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneak sinatzen duten hitzarmen honen helburua bi erakundeon arteko elkarlanaren oinarriak ezartzea da, 2023an euskal hiztunen aktibazioa, hizkuntza ohituretan eragin eta erabilera indartzeko aldeko jarrerak indartzea xede duen programa gauzatzeko.

Aurtengo Hitzarmena 145.000 eurorekin hornitu da Euskarak 365 egun izeneko programa gauzatzeko helburuz. Lan ildo honen helburu nagusia hiztunen aktibazioaren bidez hizkuntza-ohituretan urrats esanguratsuak eragitea da. Bi egitasmo nagusitan gauzatuko da aurtengo ekimena: lehenengoa, udaberrian, gazteei zuzendua eta bigarrena, udazkenean, haurren aurrean aritzen diren helduei zuzendua.

Ana Ollok, Herritarrekiko Harremanetako Kontseilariak, 2018tik urtero berritu den hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du: «Azpimarratu nahi dut erakunde publiko eta gizarte eragileen arteko lankidetza ezinbestekoa dela gaur egungo gizartean, lan osagarriak egiten ditugula, eta erakunde publikooi gizarte ekimenetik datozen proposamenak aintzat hartu, osatu eta zabaltzea dagokigula. Horretan aritu gara azken urteetan, uste dugu, lankidetza honek fruituak eman dituela, ekintza zehatzetan ikus daitekeena. Baina, batez ere, uste dugu lan egiteko modua proposatzen duena, eta horri jarraikiz bide emankorra izanen dela».

Oskar Zapata, Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariaren iritziz, «pozgarria da hitzarmena sinatzeko berriro ere elkartzea. Lagungarria da oso tamaina honetako egitasmoak planifikatzeko eta gauzatzeko marko egonkor bat edukitzea. Zentzu horretan, eskertuta gaude Euskarabidearekin eta Nafarroako Gobernuarekin, Euskaltzaleen Topagunearekiko elkarlanean aritzeko izan duzuen jarreragatik. Sei urteko ibilbidea du 'Euskarak 365 egun' hitzarmen honek, beste hamaika bete ditzala espero eta desio dugu».

Hizkuntza ohiturak aldatzeko bidean, Ana Ollok eta Oskar Zapatak, biek ala biek, azpimarratu dute aurtengo helburu nagusia dela garrantzi handiko bi xede talde horiekin lan trinkoa egitea: gazteak, eta haurrekin kontaktuan bizi diren helduak: gurasoak, zaintzaileak, irakasleak…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun