Goiuri Zabaleta leitzarra Adosen eskuz binakako pilota txapelketaren finalean izanen da

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 27a, 15:00
Labriteko jaialdian aritu ziren pilotariak eta animatzaileak elkarrekin.

Naroa Etxekolonea zubietarrak, aldiz, galdu egin zuen finalaurrekoan

Ados pilota elkartean antolatutako eskuz binakako txapelketaren finalerdietara sailkatu diren pilotariek asteburu ederraz gozatzeko aukera eskaini dute Azpeitian nahiz Iruñean. Honela, Zumarragan martxoaren 5ean jokatuko diren finaletako protagonista zein izanen diren erabaki da. Goiuri Zabaleta leitzarra finalean izanen da, ez aldiz Naroa Etxekolonea zubietarra.

Larunbat arratsaldean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan promozio mailako finalerdiak eman zion hasiera jaialdiari. Partida gogorra, oreka handikoa eta lau protagonistak maila onean finaleko txartelaren borrokan. Oreka hausteko prest agertu zen Natale Aranburu pilotari beste erritmo bat jarriz eta Olatz Insaustiren laguntza bikainarekin gorrien sendotasuna hausteko gai izan ziren merezitako garaipena erdietsiz. 22-17 irabazi zieten Galeano eta Arrastiari. Gogoratu finalean zain zeudela Aiala Uriarte eta Leire Oskoz.

Lehen mailako partidan aldiz, aurreikusi zitekeena baino partidu azkarragoa izan zen. Naroak eta bereziki Goiuri Zabaleta leitzarrak emandako hasiera bikainari esker, konturatzerako zulo handia ireki zuten markagailuan. Kolore guztietako tantoak egin zituen leitzar aurrelari gazteak. Erauntsi horri nola erantzun asmatu ezinik ibili ziren Ruiz de Infante eta Orbegozo. 22-12 irabazi eta honenbestez Goiuri eta Naroak lortu zuten Zumarragako final handirako lehen txartela.

Finalerdietan ere partida bikaina jokatu zuen Zabaleta leitzarrak.

Azpeititik Iruñeko Labritera, eguerdi hotzari berotasuna jarriz bigarren finalerdi handiarekin. Jaialdiari hasiera Ados pilotako neska txikiek eman zioten eta jarraian Beotibar pilotalekuan finalerdietatik kanpo geratu ziren bi bikoteen arteko norgehiagoka ikusteko aukera ere izan zen. Iturriagak eta Galeanok 22-15 irabazi zieten Aldaregia eta Mendibururi. Baina begirada guztiak ondotik jokatu zen finalerdian jarrita zeuden. Harmailetatik berotasun handia jaso zuten pilotariek eta berotasun horri partidu ederra eskainiz erantzun zioten lau protagonista nagusiek. 

Mujika eta Etxekolonea eta Ruiz de Larramendi eta Barrocal, Labriteko finalerdiaren aurkezpenean.

Gorriak, liga faseko zazpi partidak irabazita sailkatuta zeuden finalerdietan eta konfiantzaz beterik ekin zioten partiduari hasieratik. Maddi Barrocalek eta Olatz Ruiz de Larramendik musika jarri eta dantzan ibili zuten bikote urdina. Baina egoera zailenei ere aurre egiten ohituta daudela erakutsi zuten beste behin Naroa Elizalde zubietarrak eta Maite Mujikak. Defentsa bikaina erakutsiz eta partidua asko gogortuz hasierako dantzari erritmoa hartu eta hamarna berdintzea lortu zuten. Zailena eginda zegoela zirudienean, gorriek tantoa egin, pilota aldatu eta berriz ere pilotari bizitasun handia emanez, oraingoan bueltarik izan ez zuen aldea jarri zuten markagailuan (22-11).

Beraz, Barrocal eta Ruiz de Larramendik, Goiuri Zabaletaren eta Agirreren kontra jokatuko dute final handia martxoaren 5ean Zumarragan. Finalen aurkezpenak eta material hautaketa egingo dituzte otsailaren 28an, asteartean 17:00etan Zumarragan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun