Nafarroako Gobernuak 2023ko lehen transferentzia ordaindu die udalei eta kontzejuei, herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak finantzatzeko

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 27a, 20:00

Udalen eta kontzejuen funtzionamendua eta herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak finantzatzea da transferentzia hauen helburua. Argazkian Leitzako Erleta eskolako estalpe berria.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, aurten 289 milioi euro erabiliko ditu udalerri eta kontzeju guztien funtzionamendua eta zerbitzuak finantzatzeko. Tokiko finantziazio eredu berriaren arabera (iaz jarri zen indarrean), diru funtsa honek %12,2 egin du gora, hau da, 2022an baino 31 milioi euro gehiago. Ikusi hemen segida gure lurraldeko udal eta kontzeju bakoitzak hartuko dituen diru kopuruak.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak 125.512.190,32 euro ordaindu dizkie Nafarroako 272 udalerriri eta 345 kontzejuri, transferentzia arrunten bidezko Nafarroako zergetan toki entitateek parte hartzeko funtsaren lehen ordainketa gisa (Transferentzia Arrunten Funtsa). Gure lurraldeko udal eta kontzejuei dagokionez, hona hemen lehenbiziko ordainketa honetan hartu dituzten kopuruak
 
Udala / Kontzejua Transferentzia arruntak 2023 (1. zatia)
Arano 28.259,24 €
Arantza 118.509,35 €
Areso 73.029,32 €
Baztan 1.425.462,71 €
Beintza-Labaien 53.362,76 €
Bera 561.629,39 €
Bertizarana 100.859,44 €
Legasa 14.481,51 €
Narbarte 19.041,26 €
Oieregi 5.003,42 €
Donamaria 95.948,94 €
Doneztebe 368.260,56 €
Elgorriaga 43.400,30 €
Eratsun 32.676,12 €
Etxalar 150.543,07 €
Ezkurra 32.894,04 €
Goizueta 133.094,04 €
Igantzi 113.765,43 €
Ituren 110.843,51 €
Leitza 501.264,21 €
Lesaka 438.752,57 €
Oiz 29.791,24 €
Saldias 36.071,23 €
Sunbilla 131.422,55 €
Urdazubi 78.787,12 €
Urroz 36.412,85 €
Zubieta 61.107,91
Zugarramurdi 61.595,05 €
Osotara 4.705.727.19 €

 

2023rako aurreikusitako 289 milioien banaketa

289 milioi euro horietatik 221,4 milioi udalei eta kontzejuei bideratuko zaizkie, Finantzaketa Orokorreko Funtsaren bidez, ohiko gastuei aurre egiteko. Banaketaren formula berriak 9 aldagai ditu, eta horiek horrela, 2.500 biztanletik beheitiko udalerrietan, biztanleriaren araberako banaketa proportzionala handitu egiten da, tarteen araberako zenbateko finkoekin. Horrela, bermatzen da udal guztiek, ttikiak izan arren, guttieneko zenbateko bat izanen dutela entitate guztiendako oinarrizko gastu komunei aurre egiteko, eta ez daudela biztanle kopuruaren mende.

Bertze 22 milioi euro toki erakundeen artean banatuko dira, Zerbitzuak Finantzatzeko Funtsaren bidez, 0-3 urteko ikastetxeei, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei eta liburutegiei dagozkien zerbitzuen arabera.

Gainera, sortu berri den Lurralde Kohesiorako Funtsak 17,8 milioi euro banatzea aurreikusten du Nafarroako lurralde garapenean trakzio papera betetzen duten udalerrien artean. Funts horretatik hogeita hamar bat udalerrik hartuko dute onura: Iruñea, Tutera, Tafalla, Lizarra, Zangoza, Baztan, Altsasu, Viana, San Adrian, Azkoien, Gares, Irurtzun, Agoitz, Doneztebe, Bera, Leitza, Esteribar, Auritz/Burguete, Otsagabia, Izaba, Irunberri, Los Arcos, Lekunberri, Lodosa, Caparroso, Milagro, Corella, Cascante eta Cortes.

Azkenik, Montepioen Defizita Finantzatzeko Funtsetik 27,5 milioi euro esleituko dira Montepio Orokorraren defizit globala finantzatzeko, Iruñea, Tutera eta Tafallakoekin batera. Halaber, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari dagokion diru kopuru bat gordeko da, aurten ia 500.000 eurokoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun