Jon Rekondo leitzarra Urrezko Aizkolarien binakako txapelketaren finalean izanen da igandean Urrestillan

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 24a, 14:00
Iker Vicente eta Jon Rekondo Leitzako Amazabalen jokatu zen kanporaketan. Txapela janzteko aukera izanen dute igande eguerdiko finalean.

Iker Vicenterekin bikote eginez, Txikia IV.a-Zelai IV.a, Larrañaga-Amundarain eta Ezpeleta-Basozabal izanen ditu arerio

Urrezko Aizkolarien Binakako txapelketaren 23. edizioko finala jokatuko dute otsailaren 26an, igandean 12:00etan hasita Urrestillako Txikuri pilotalekuan. Jon Rekondo izanen da eskualdeko aizkolari bakarra finalean. Iker Vicenterekin eginen du bikote eta Julen Alberdi Txikia IV.a-Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Mikel Larrañaga-Txomin Amundarain eta Hodei Ezpeleta-Jokin Urretabizkaia Basozabal izanen dituzte arerio.

Bikote bakoitzak hamabi enbor moztu beharko ditu, sei modalitatetan.

Urrezko harri-jasotze txapelketako finala

Urrezko Harri-jasotze txapelketa-Harri-jasotzaile azkarrena txapelketako finala ere jokatuko dute Mikel Lopetegi Urra, Paulo Azpiazu, Xabat Olaizola eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak. 125 kiloko laukizuzenarekin, 125 kiloko koparekin, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko harri borobilarekin ariko dira, minutu eta erdiko txandetan.

Erakustaldiak aizkoran eta harri-jasotzen

Igande eguerdiko egitaraua ixteko, harri-jasotzen erakustaldia eginen dute Karmele Gisasola Zelai III.a, Lur Errekondo eta Lucia Orbe harri-jasotzaileek eta aizkoran, Nerea Sorondo beratarrak Nerea Arrutiren kontra eta Isidro Velascok Unai Etxeberria Osinalderen kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun