Gizonezkoen eta emakumezkoen pisu arinenetako Euskal Herriko sokatira txapelak larunbatean banatuko dituzte Laukizen

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 24a, 11:00

Beti Gazteko emakumeen 500 kiloko taldea tiran joan den asteburuan Berangon. Orain arteko bi jardunaldietan tiraldi guztiak irabazi dituzte eta faborito izanen dira finalean.

Euskal Herriko goma gaineko zortzinakako sokatira txapelketa azken txanpan sartua da eta larunbat honetan, 17:00etatik aitzinera Laukizen (Bizkaia) bi txapel banatuko dituzte: Emakumezkoen 500 kiloko finala jokatuko dute eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa saio bakarrean jokatuko dute.

Emakumezkoen 500 kiloko finalean, bi jardunaldietan nagusi izan den Beti Gazterekin batera, Ibarra, Gaztedi, Badaiotz, Amaiur eta Abadiño ariko dira.

Gizonezkoen pisurik arinenean, berriz, Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta Abadiño, Berriozar, Gaztedi, Goiherri, Ibarra, Ñapurrak eta Txantrearekin lehiatuko da.

Orain arte jokatu diren txapel guzien jabe egin da Beti Gazte: gizonezkoak 680, 640 eta 600 kilotan eta emakumeak 540 kilotan. Asteburu honetako biak lortuko balitu, mistoa bakarrik faltako litzaioke Lesakako klubari, lehen aldiz Euskal Herriko txapel guztien jabe egiteko.

 

Gazteak eta mistoa martxoko lehen asteburuan

Martxoko lehen asteburuan, larunbatean, martxoak 4, junior eta 23 urtez beheitiko txapelketa jokatuko dute Abadiñon (Bizkaia) eta igandean, martxoak 5, txapelketa mistoko (580 kilo) finala Ibarran (Gipuzkoa). Hau izanen da talde gehien bilduko dituen txapelketa, hamabi guztira. Amaiur eta Beti Gazterekin batera, bina talde paratuko dituzte goma gainean Abadiñok, Gaztedik eta Ibarrak eta bana Antsoain, Badaiotz, Berriozar eta Goierrik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun