Baztango Udalak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Sakanako Mankomunitateak eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak elkarlanean Enpresan euskara txertatzeko eskuliburua prestatu dute, «lan munduan euskararen erabilera ttikia dela ohartuta. Hezkuntzan, administrazioan, aisialdian eta hedabideetan, bertzeak bertze, euskara bere espazioa irabazten joan bada ere, arlo sozio-ekonomikoan hutsune handi samarra dago oraindik».
Argitalpenak «edozein tamainako enpresatan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko» proposamenak biltzen ditu, hainbat aholku, argibide eta informazioren bidez. Euskarak lan mundua bereganatzearen garrantzia eta enpresan txertatzeko dauden arrazoiak eta moduak azaltzen dituzte, baita eskuragarri dauden dirulaguntzei eta gobernu, udal eta mankomunitateen eskaintzari buruzko informazioa ere.
Enpresako giroa euskalduntzeko «erabaki kontzientea» hartu behar dela azaldu dute; «lan mundua ez baita modu naturalean euskaldunduko, esku hartze planifikatua eta eragile guztien parte hartzea eta elkarlana behar dira horretarako». Nafarroako Mendialdeko euskara zerbitzuek era guztietako enpresak animatu dituzte euskararen aldeko urratsak ematera.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!