Ikastetxearen arabera gehiago edo guttiago sumatuko dute greba deialdiaren eragina eskualdean

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 14a, 16:30

Nafarroako funtzio publikoko langile guztiei bihar, otsailaren 15a, greba egiteko deialdia egin diete ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilas sindikatuek. Bertzeak bertze, lan baldintza egokiak eskatu dituzte, baita sektore publikoaren pribatizazioa bukatzeko ere. Grebara deitutakoen artean daude ikastetxeetako langileak. Batzuetan grebarekin bat egin eta guttieneko zerbitzuak eskainiko dituzte, bertze batzuetan normaltasunez ariko dira lanean.

Biharko greba deialdiaren atarian, eskualdeko ikastetxeetara jo du TTIPI-TTAPAk, eta lerro hauek idazterakoan ikastetxe hauek erantzun dute:

BAZTAN
  • Amaiurko eskola: Eskolako klaustrokide zenbaitek greba eginen dutela jakinarazi dute, eta zuzendaritzaren arabera, «tailerrak zerbitzu minimoetan» eginen dituzte; «zaintzak baizik ez dira egonen».
  • Arizkungo eskola: Eskolako zenbait klaustrokidek greba eginen dutela adierazi dute.
  • Azpilkuetako eskola: Azpilkuetako eskolako irakasle guztiek bat egin dute biharko greba deialdiarekin. Hortaz, zerbitzu minimoak izanen dituzte.
  • Baztan Ikastola: Udal ikastola da Baztangoa, eta ez dira langile publikoak. Hala, «biharkoan gurean ez dugu grebarik eginen, normaltasunez ariko gara lanean».
  • Lekarozko eskola: Hiru lagunek osatzen dute Lekarozko eskolako klaustroa eta ez dutela grebarik eginen erran diote TTIPI-TTAPAri. Bihar Orakunde Eguna ospatzekoa dute.
  • Oronozko eskola: Oronozko eskolan normaltasunez ariko dira bihar. Jakinarazi dutenez, «aldaketaren bat izanen da Erreboteko eskolako tailerrean (4., 5. eta 6. mailako ikasleak han biltzen dira), baina gurean ez da sobera nabarituko». Horrekin batera, aste honetan English week at school programan daudela eta «horrek bere horretan segitzen duela» gaineratu dute.
  • Zigako eskola: Zigako eskolako klaustroan bi lagun daude: «Horietako batek lanaldi murriztua du eta biharko egunean ez du lanik». Zuzendariak zerbitzu minimoak egin beharko ditu.
  • Elizondoko Lanbide Eskola: Zuzendaritzak gaur emandako datuen arabera, klaustroko 42 irakasleetatik 24k egin dute greba, alegia, %57k.
BERTIZARANA
  • Narbateko Arotzenea eskolako irakasleek ez dutela grebarik eginen adierazi dute: «Irakasle guztiak lanera etorriko gara».
  • Legasako eskolan ez du inork grebarik egin. (Gaurko datua)
BORTZIRIAK
  • Arantzako eskola: Zuzendaritzatik erran dutenez, «gehiengoak ez duela grebarik eginen» aurreikusi dute. «Hala ere, bihar arte ezin jakin».
  • Etxalarko eskola: Landagain eskolako zenbait irakaslek greba eginen dutela jakinarazi du zuzendaritzak, eta horrenbertzez, «zerbitzu minimoak» emanen dituzte.
  • Igantziko eskola: Zuzendaritzak esplikatu duenez, «eskolan irakasle bakoitzak erabakiko du greba egin ala ez, baina eskola irekita egonen da eta ikasleak zainduak izanen dira». Gurasoei ere halaxe jakinarazi diete.
  • Lesakako eskola: Irain eskolan % 47k greba egin du (Gaurko datua da).
  • Berako Toki Ona institutua: Aurreikusi dutenez, «irakasleen eta langileen % 75 inguruk» greba eginen du bihar Toki Ona institutuan. «Bistan denez, plantillaren % 25arekin hagitz klase gutti emanen dira. Hala ere, Hezkuntza Departamentuak zehaztutako zerbitzu minimoak eskainiko ditugu eta ikasleak zaintzapean izanen ditugu egokitzapenak eginez».
LEITZALDEA ETA URUMEALDEA
  • Leitzako eskola: Erleta eskolako irakasle batzuek biharko greba deialdiarekin bat egin dutela baieztatu du zuzendaritzak, eta zerbitzu minimoak bermatuko dituzte.
  • Aresoko eskola: Nazabal eskolan ere greba eginen dute. Adierazi dutenez, «gutxieneko zerbitzuak izanen ditugu martxan; zuzendaria eta irakasle bat egonen gara».
  • Goizuetako eskola: Xalto eskolan ere «gehiengoak grebarekin bat eginen du, baina zerbitzu minimoak beteko ditugu». Gaineratu dutenez, «jangela eta autobus zerbitzua beti bezala izanen dira». 
  • Leitzako Amazabal institutua: Bost irakasle eta zuzendaritzako bi kide izendatu dituzte zerbitzu minimoetarako. Zuzendaritzak azaldu duenez, hori da «esan dezagun bakarra. Hortik aurrera langileak libre dira lanera etortzeko ala ez».
MALERREKA
  • Saldias, Sunbilla eta Iturengo eskoletan grebak «ez duela jarraipen haundirik» izanen adierazi dute.
  • Doneztebeko Mendaur Institutua: Atzoko aurreikuspenen arabera, «irakasleen heren batek eginen du greba». Hortaz, «irakaslea faltako den kasuetan zerbitzu minimoak eskainiko ditu ikastetxeak, ikasleriaren arreta bermatzeko».
XARETA
  • Urdazubi eta Zugarramurdiko eskolan irakasle batek egin du greba. Beraz, «klaseak beti bezala» emanen dituztela jakinarazi dute. (Gaurko datua da).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun