Euskal Herriko lokotx-biltze txapelketak otsailaren 19an jokatuko dituzte Mungian

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 15a, 08:00
Joan den urtean Donamarian Nafarroako txapeldun izan ziren Unai Iantzi eta Asier Gamio ariko dira Euskal Herriko txapelaren bila.

Emakumezkoetan Ainhoa Etxegarai beratarra eta gizonezkoetan Anizko Unai Iantzi eta Berroetako Asier Gamio

Euskal Herriko lokotx-biltze txapelketa jokatuko da otsailaren 19an, igandean 11:30ean hasita Bizkaian, Mungiako Jose Antonio Agirre kiroldegian. Gizonezkoen eta emakumezkoen txapelak jokoan izanen dira eta bietan izanen dira eskualdeko kirolariak.

Emakumeen txapelketan, joan den urtean Nafarroako txapeldun izan zen Ainhoa Etxegarai beratarra ariko da, Ainhoa Iraizoz Nafarroako txapeldun ordearekin, Amaia Mendinuetarekin eta Amaia Jimenez de Bikuñarekin batera. Gizonezkoen artean, berriz, Nafarroako txapeldun eta txapeldunorde izan ziren Anizko Unai Iantzi eta Berroetako Asier Gamiorekin batera, Unai Ardeo, Ibai Sanz, Aritz Iturribarria, Jon Vegas, Jon Larrañaga eta Iraitz Ferreira ariko dira. Bietan berrogeita hamarna lokotx bildu beharko dituzte.

Emakumeen txapelketan, joan den urtean Arantzan Nafarroako txapeldun izan zen Ainhoa Etxegarai beratarra eta Ainhoa Iraizoz ariko dira.

Lasto-botatzen ere

Jaialdi berean, Euskal Herriko lasto-botatze txapelketa ere jokatuko da, eskualdeko ordezkaririk gabe. Juan Carlos Lopez, Eloi Salterain, Mikel Agirre eta Jose Mari Bustinza ariko dira, 12 kiloko fardoa, sarde baten laguntzarekin, barra horizontal baten gainetik pasatuz, ahalik eta altuerarik handienean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun