Euskal Herriko sokatira txapelketako jardunaldi bikoitza izanen dute asteburuan Abadiñon

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 10a, 16:00
Amaiurko neskak lehian sartuko dira 500 kiloko kategorian.

Emakumeek 500 kiloko lehen jardunaldia izanen dute larunbatean eta gizonezkoek 600 kiloko bigarrena igandean

Euskal Herriko goma gaineko zortzinakako sokatira txapelketak bere bidean segitzen du eta asteburu honetan jardunaldi bikoitza izanen dute Abadiñon (Bizkaia). Larunbatean 500 kiloko emakumeak ariko dira eta igandean 600 kiloko gizonezkoak.

Larunbatean, emakumezkoen 500 kiloko kategorian lehen jardunaldia jokatuko dute. Bederatzi talde dira aritzekoak: Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Abadiño A eta B, Badaiotz, Berriozar, Gaztedi, Ibarra eta Txantrea.

Igandean, berriz, Abadiñon 600 kiloko gizonezkoen bigarren jardunaldia jokatuko dute. Joan den larunbatean Erandion jokatutako lehen jardunaldian Beti Gazte izan zen nagusi eta lesakarren ondotik Goiherri, Ñapurrak, Gaztedi, Abadiño, Amaiur, Txantrea, Zuraide, Ibarra eta Antsoain sailkatu ziren. Otsailaren 18an Berangon (Bizkaia) jokatuko den finalerako sailkatuko dira sei onenak eta hor sartzea izanen da Amaiurren erronka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun