Nafarroako langile publikoak grebara deitu dituzte heldu den asteazkenerako

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 7a, 11:30
Sindikatuetako kideetako ordezkariak atzo Iruñean egindako prentsaurrekoan.

LAB, ELA, UGT, Steilas eta CCOO sindikatuek greba deitu dute Nafarroako administrazio publikoan otsailaren 15erako. Funtzio publikoko langileen lan baldintzak hobetzea aldarrikatuko dute, eta baita  Nafarroako Gobernuarekin «benetako» negoziazio mahai bat sortzea ere. Atzo egin zuten prentsa aitzinean agerraldia grebarako arrazoiak aletzeko.

Hauek dira sindikatuek grebaren aitzinean dituzte aldarrikapenak: sektore publikoko pribatizazioa bukatzea eta orain arte pribatua dena iraultzea; gobernuak autogobernu eskumenak erabiltzea; enpleguaren egonkortasuna eta behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea, arreta hobetzea, enplegua sortzea eta lan taldeak gaztetzea; eta prestakuntza eta dedikazioa sustatu eta ordaintzea, soldatak igotzea, alegia.

Halaber, grebara deitutako sindikatuek  gobernuari exijitu diote autogobernua erabiliz behar diren diru partidak bideratzea langile publikoek erosteko ahalmena berreskuratu dezaten, Nafarroako KPIa aplikatuz.

Greba egunean Iruñeko Nafarroako Jauregiaren aitzinean kontzentrazioa eginen dute 11:30ean, eta baita manifestazioa ere 17:30ean. Protesta Iruñeko Geltokin hasiko da eta Sarasate pasealekuan bukatu. Greba, aitzinetik, gainera hiru bilera informatibo eginen dituzte, hiruak Iruñean, 11:00etan hilaren 8an, 9an eta 11n.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun