Basurdeek eragindako kalteak nekazariei eta abeltzainei ordaintzeko eskatu du Nafarroako EHNEk

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 3a, 15:00
Basurdeek maiz kalteak egiten dizkiete baserritarrei. Argazkian, Orabideko belagi bat basurdeek muturtua.

EHNE sindikatuak arreta handiz jarraitu du Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak aste honetan parlamentuan egin duen agerraldia. Bertan, basurdeek eta bertzelako ehiza-espezieek azken lau urteetan eragindako istripuen berri eman zuen, banaz bertze eguneko bi istripu, erdiak basurdeek eragindakoak. Baina EHNEk gogorarazi du ez dela espezie jakin batzuen gainpopulazioak eragiten duen ondorio kaltegarri bakarra. «Nekazariek eta abeltzainek ongi ezagutzen dugu nola ibiltzen diren gure labore eta belaietan –dio sindikatuak–. Orabidean, konparaziora, (bertze leku aunitzetan bezala), faunak, eta bereziki basurdeek, belaietan eta larreetan egindako txikizioek kalte handiak eta buruhauste handiagoak eragin dituzte aspaldidanik».

Duela pare bat urte, EHNEtik kanpaina bat hasi zuen, gaia inplikatutako eragile guztiei (Ehiztarien Elkartea, Baztango Udala, Ehiza Federazioa eta Ingurumen Zuzendaritza) jakinaraziz. Gaur da eguna deus aldatu ez dena. Gainera, kontseilariak dioenez, «basurdeen populazioa esponentzialki handitu da. Zalantzarik gabe, izurrite baten aitzinean gaude eta, beraz, horren arabera ekin egin behar da».

Espezie basatien eta gizakien arteko bizikidetza inflexio-puntu batera ailegatzen ari dela uste du EHNEk: «Basurdeen kasuan, gainera, arrisku bikoitza da, gaixotasunak dituen eta transmititzen dituen espezie bat baita, hala nola Afrikako txerri-izurria, Aujeszkyren gaixotasuna edo tuberkulosia. Abeltzainoi horretatik babestea bertze erremediorik ez zaigu geratzen, inbertsio ekonomiko handia dakarten babes-neurrietan inbertituz, hala nola sare bikoitzeko babesetan, estentsiboko txerri-ustiategien kasuan».

Despopulazio-arazoez hitz egiten da, eta basurdeek ez dutela harrapakari naturalik. «Landa Garapen eta Ingurumen departamentua otsoa sartzea bezalako neurri kaltegarrietan pentsatzen ari al da?» galdetzen du EHNEk.

EHNE sindikatuak eskatu du Nafarroako Gobernuak nekazari eta abeltzainei ordain diezazkiela faunak belaietan, larreetan eta barazki-frutaren laboreetan eragindako kalte guztiak, «eta ez digu balio gure lursailak aseguratzen ditugula errateak, konpainiek kontratu horiek egiteari uzten baitiote hirugarren urtean, kalteak errepikatzen direla erraten baitute».

Nafarroako Gobernuko kontseilariak aurkeztutako txostenaren arabera, 700 trafiko-seinale jarri eta birkokatu dira, eta fauna-pasabideak egitea ere pentsatzen ari dira. Neurri hori baztertu egin zen bere garaian, garestiegia zelakoan, N-121-A errepidean egitea planteatu zenean. EHNE-Nafarroan uste du «errepideetan inbertitzeko dirua baldin badago, gure sektorearentzako ere egon behar duela».

Espezie bat esponentzialki hazten denean, «ez dago oreka edo bizikidetza posiblerik», EHNEren ustez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun